Ubiqa enpresak "euskal nortasuna" definitu nahi du, herritarren iritziekin osatutako "ikus-entzunezko mosaikoa" erabiliz

Actualizado 2013/01/25 13:58:28 CET

BILBO, 25 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ubiqa gizarte komunikazioko partaidetza proiektuetan espezializatutako ikus-entzunezko enpresak gaur egungo euskal herritarren "euskal nortasuna" definitzeko prozesu bat jarri du martxan. Proiektuaren izena "Nik Mashup" da, eta euskal herritar izatea zer den azaldu duten pertsonen iritziak jaso nahi ditu, web-orri baten bidez.

Eiken ikus-entzunezkoen euskal klusterrak eta Ubiqa enpresak berak jakinarazi dutenez, ekimena joan den azaroan jarri zen abian; orduan, esperientzia pilotu bat egin zen Donostiako San Telmo Museoan, eta 18 eta 25 urte bitarteko 15 gaztek parte hartu zuten. Hasierako gogoeta eta eztabaida fasearen ondoren, gazteak kalera irten ziren, eta herritarrek euskal nortasunari buruz duten iritzia grabatu zuten sakeleko telefonoarekin.

Fase pilotua amaitu ondoren, "Nik Mashup" proiektuak herritar guztiei zabaldu dizkie orain ateak, eta, horretarako, web-plataforma bat jarri du martxan. Bertan, edonork bere iritzia graba eta karga dezake, oso erraz, dagoen lekuan dagoela ere. Horrela, "ikus-entzunezko mosaiko bat" osatuko da pentsaera guztietako pertsonen iritziekin, eta azken urteetan euskal gizartean gertatu diren aldaketak eta garatu diren balio berriak erantsiko zaizkio nortasunaren kontzeptuari.

Zentzu horretan, nortasunaren kontzeptua eguneratzeaz gain, "Nik Mashup" proiektuaren helburuak lotura zuzena du teknologia berrien erabilerarekin, eta baita elkarbizitza gune, ikus-entzunezko kontaketa eta eduki digital berrien eraikuntzarekin ere. Izan ere, proiektuaren printzipioetako baten arabera, "nortasuna ezin da definitu etnia, hizkuntza edo lurralde ezaugarri hutsen arabera, ezta bereizketaren zentzu negatibotik ere, baizik eta bestearen onarpenean oinarritutako nortasun hibrido berrien eraikuntzaren arabera".

Ekimenak luzaro iraun dezan lortu nahi da, parte-hartzea ahal bezain handia izan dadin, eta, ondorioz, emaitzek euskal gizartearen irudi erreala eta konplexua isla dezaten. "Nik Mashup" proiektuan parte hartu nahi duten pertsonek nikmashup.org web-plataforman sartu besterik ez dute egin behar. Bertan, euren adierazpenak graba ditzakete, argibideei jarraituz.

PARTE-HARTZEA ETA TEKNOLOGIA

Ubiqak, Eiken Euskadiko Ikus-entzunezkoen Klusterreko bazkide den enpresak, hamar bat urte daramatza lankidetza proiektuak eta herritarren parte-hartzerako proiektuak gauzatzen, teknologia berrien bidez.

Enpresaren proiektuek ikuspuntuen eta adierazpenen aniztasuna dute bereizgarri, protagonista, kameraren aurrean eta atzean, herrikoia, anitza eta soziala delako.

Ubiqaren proiektu berrienei dagokienez, "Identibuzz" aipa daiteke, Europako hainbat hiritan migrazio mugimenduen ondorioz sortutako "auzo berriak" zer egoeratan dauden islatzeko ahalegina egin duena. Kontakizun digital berri eta soilen bidez (sakeleko telefonoaz egindako grabazioen bidez) kultura desberdinetako pertsonek elkar ezagutu dezaten sustatzen dute.