Udalbiltzak 120.000 euro banatuko ditu 28 proiekturen artean

Actualizado 2015/01/13 14:20:06 CET
Aurkezpenean izan diren ordezkariak
Foto: UDALBILTZA

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Udalbiltzako Euskal Garapen eta Kohesio Fondoak laguntzetarako deialdi berria abiarazi du, "Euskal Pirinioetan lan eta bizi" programaren baitan. Pirinioetako ekintzaileek, eragile sozialek eta erakundeek otsailaren 16ra arteko epea dute proiektuak aurkezteko, eta guztira, Udalbiltzak 120.000 euro banatuko ditu mikroekintzailetzako 28 egitasmoren artean.

   Laguntzen programa honen berri eman da gaur, urtarrilaren 13an, Bidarraiko Herriko Etxean. Prentsaurrekoan izan dira Iker Elizalde Udalbiltzako Nazio Gobernuko kidea eta Hendaiako auzapezordea, Jean-Michel Galant Azkarateko auzapeza, Jean-Michel Anchordoquy Bidarraiko auzapeza, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria eta Lidia Arrossa-Larregi Bidarraiko auzapezordea. Agerraldian, Udalbiltzak eta Bidarraiko herriko etxeak sinaturiko hitzarmena ere aurkeztu dute.

   Aurkezpenean gogorarazio dute laguntzen deialdia 2014an egin zela lehenbiziko aldiz eta "arrakasta handia" izan zuela: 66 proiektu aurkeztu ziren, eta haietatik 19 hautatu zituen epaimahaiak (laguntzetako bat eman gabe gelditu zen). Proiektu bakoitzak 6.000 euro jaso zituen eta Fondoak tutore bana eman zien, nola gauzatzen zen ikuskatzeko. Tutoretza lan horretan zenbait entitate laguntzen ari dira, besteak beste, Euskal Herriko Laborantza Ganbara, Cederna Garalur eta Gaindegia. Horrez gain, Fondoak lankidetza hitzarmenak izenpetu ditu Herrikoarekin eta Fiare Banka Etikoarekin, proiektuek finantzabidea izan dezaten.

   Gainera, Udalbiltzak, "Pirinioak Sendotzen" programaren bidez, beste bost proiekturentzako laguntza eman du: hiru Zuberoan eta bi Nafarroa Beherean. Laguntza jaso duten 24 proiektuetatik, 14 Iparraldeko herrietan sortuak dira. Haietatik lau, erakundeek bultzatuak, hiru kooperatibek bultzatuak, eta zazpi elkarteek bultzatuak.

PROGRAMAK INDARRA DU

   "Datu hauek argi erakusten dute 'Euskal Pirinioetan Lan eta Bizi' programak indarra duela Ipar Euskal Herrian, eta harrera ona izan duela erakundeen, kooperatiben eta elkarteen sarean", azpimarratu dute agerraldian.

   Deialdi berrian diru laguntza eskuratu dezaketen proiektuen kopurua gehitu da -20tik 28ra-, bai eta eremu geografikoa ere. Aukeratutako lurraldean 103 herri sartu ziren iaz, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Nafarroa Garaian, eta aurten, aldiz, 128 izango dira, horietatik 43 Nafarroa Beherean eta 35 Zuberoan.

   Deialdiaren informazioa 128 herriko etxe horiei igorria izan zaie, eta aste hauetan komunikazio kanpainia abiatu dute eremuko hainbat irrati eta telebistaren bidez. Halaber, interesa agertu duten ekintzaileekin bilkurak egiten ari dira Lan Berri elkartea, Euskal Herriko Laborantza Ganbera eta Cederna-Garalurreko teknikariak. Udalbiltzak hitzarmenak sinatu ditu hiru entitate horiekin, helburu argi batekin: aurretiazko lan garrantzitsu bat egitea, hots, proiektuen bultzatzaileak identifikatzea, eta deialdian parte hartzeko laguntza ematea.