Actualizado 04/05/2021 13:43 CET

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa egingo da asteazkenean eta ostegunean

Archivo - Udaltop topaketa.
UDALTOP - Archivo

'Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko?' izenburupean egingo da, sarean

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen Topaketa egingo da asteazkenean eta ostegunean, maiatzaren 5ean eta 6an, eta iazkoari jarraipena emanez, udalek eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera sustatzeko gakoak emango dira; hain zuzen, udaletatik zer eta nola egin daitekeen aztertuko da. Bigarren urtez jarraian sarean izango da, eta berrikuntza bezala, talde lana zoom plataforma bidez egingo da.

Azken edizioetan bezala, antolatzaile dira euskararen lurralde guztietako erakundeak: Euskal Hirigune Elkargoa, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, eta Lasarte-Oriako Udala (Gipuzkoa).

'Zer eta nola egin udaletatik eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko?' izenburuarekin, eremu sozioekonomikoa izango du bigarren urtez ardatz nagusi Udaltopen 13. edizioak. Orotara, 230tik gora parte hartzailek eman dute izena.

Antolatzaileen arabera, "pandemiak zein bilakaera izango duen asmatzea ez da erraza, eta aurreko urtean izandako arrakasta ikusita, indarrak sareko jardunaldia antolatzen jartzea erabaki dugu".

Iazko edizioarekin alderatuta, ordea, egitaraua goiz batetik bira pasa da. Gai nagusiari dagokionez, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak emateko ahalegina egingo da. "Horixe izango da aurtengo Udaltopen ardatz nagusia. Covid-19ak bete-betean harrapatu gintuen aurreko edizioan, eta egitaraua pandemia egoerara moldatu behar izan genuen. Gure asmoa zen eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak ematea, eta lan mundua euskalduntzeko beharraz aritu ginen. Aurten, gaia berreskuratzeko beharra eta aukera ikusi dugu", azaldu dute.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek hasiko du aurtengo jardunaldia. Jaurlaritzak diseinatu duen 'Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko Plana 2020-2023' aurkeztuko du. 50 minutu inguruko solasaldia izango da, eta elkarrizketatzailea Jasone Aretxabaleta, aurtengo topaketak izango duen lehen eguneko aurkezlea.

Planaren lehenengo aurkezpen publiko zabala izango denez, Dobaranek berak adierazi duen bezala, "oso baliagarria izango da Udaltop bezalako foro batean aurkeztea, azken finean, bertako publikoa izango baita plana garatuko duena".

Plana aurkeztuta, udaletara begira jarri eta plana aplikatzeko jarraibideak emango dira, eta ikuspegia zabaldu eta helduleku ezberdinetatik erreparatuko zaio. Horrela, Siadeco-k azalduko du plana udalerrietan nola aplika daitekeen, eta Iñigo Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zuzenbide Fakultateko irakasleak udalek plana garatzeko dituzten tresna juridikoen inguruko gogoeta egingo du.

Halaber, Ander Bergararen eskutik, Emakundek argituko du nola egiten dien jarraipena bere kontratuetan ezartzen dituen klausula sozialei, euskara lehenesteko klausulen jarraipena egiteko baliagarria izango delakoan, eta azkenik, Garapen agentziek esparru sozioekonomikoan esku hartzeko dituzten tresnen berri emango dute.

BIGARREN EGUNA

Udaltop 2021eko bigarren eguna lau hitzaldik eta talde lanak osatuko dute, eta aurkezle lanetan Pilar Kaltzada ariko da. Joan Pujolar Kataluniako Unibertsitate Publikoko irakasleak bizitzan zehar ezaugarri linguistikoetan izaten diren aldaketen azterketa aurkeztuko du: 'Langunea, hizkuntza mudatzeko abagunea: mudes lingüístique'. Bere ikerketaren arabera, Katalunian langunea da hizkuntza aldatzeko abagune garrantzitsuetako bat.

Hari horri jarraituz, euskararentzat gertuagokoak diren abaguneen berri emango da praktika onen bidez: Lanbide Heziketako lantokiko
prestakuntza eta duala; lantokietako harrera protokoloak eta Euskaraldiak sortutako Ariguneak.

Ohikoa den bezala, jardunaldia taldeko lanarekin amaituko da, udaletatik eremu sozioekonomikoan eragiteko eskuliburuaren bila. Izan ere, aurtengoa amaituta, udaletatik eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko gakoak jasoko dituen eskuliburua osatzeko ahalegina egingo baita.

Juanjo Allurrek, Iñigo Urrutiak eta Ander Bergarak prestatutako txostenak baliatuko dira horretarako; dokumentua parte hartzaileek talde lanean egindako ekarpenekin osatuko da. Aurtengoa amaitzeko, ohikoa den bezala, umoreari tartetxo bat egingo zaio eta Antton Telleriak bakarrizketa eskainiko du.

Contador