Laboral Kutxak, Kutxabankek eta Bankoak euskara lehenesteko konpromisoa hartu dute 44 udalerritan

UEMAko eta finantza erakundeetako ordezkariak akordioa aurkezten
UEMA
Actualizado: miércoles, 20 octubre 2021 17:00

DONOSTIA, 20 (EUROPA PRESS)

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzarmena sinatu eta aurkeztu dute asteazken honetan UEMAk eta Laboral Kutxa, Kutxabank eta Bankoa Abanca erakundeek, udalerri euskaldunetako 44 alkaterekin batera. Hizkuntza irizpideak adostu dituzte UEMArekin eta udalerri euskaldunetan dituzten bulegoetan euskara lehenetsiko dute hiru finantza erakundeek.

2016an lehen aldiz sinatu zuten hitzarmena Kutxabankek eta Laboral Kutxak UEMArekin, eta 30 udalek egin zuten bat hitzarmenarekin. Orain, bost urte geroago, hitzarmena eguneratu eta Bankoa Abanca ere gehitu da hitzarmenera, hiru finantza erakundeek bulegoak dituzten 44 herrietako udalekin batera.

Udal horietako alkateak eta ordezkariak Bergarako (Gipuzkoa) Seminarixoan izan dira asteazken honetan, eta hitzarmena aurkezteko ekitaldia egin dute. Bergarako alkate Gorka Artolak egin die harrera finantza erakundeetako eta udaletako ordezkariei, eta UEMAko lehendakari Iraitz Lazkanok hartu du ondoren hitza, hitzarmenaren nondik norakoak azaltzeko.

Ondoan izan ditu Nuria Agirre Unzueta Laboral Kutxako Gestio Sozialeko zuzendaria, Eduardo Ruiz de Gordejuela Kutxabankeko Txikizkako Negozioaren zuzendari nagusia eta Ana Urkiza Bankoa Abancako Euskara koordinatzailea.

Bada, hitzarmenaren arabera, udalen eta finantza entitatearen arteko harremanak, ahoz zein idatziz, euskaraz izango dira, eta hori bermatzeko baliabideak jarriko dituzte bi aldeek; finantza entitateen kasuan, udalerrietako bulegoetan ez ezik, baita gainerako ataletan ere. Halaber, finantza entitateak, hitzarmena sinatu duten udalerrietan dauzkan bulegoetan, euskararen presentzia bermatuko du herritarrekiko harremanetan.

Bestalde, bulegootako langileak gai izango dira edozein lan mota euskaraz egiteko, eta xede hori lortzeko, trebakuntza eskainiko die entitateak eta baliabide informatikoak prestatuko ditu. Langileen arteko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegina ere egingo du entitateak, lankideen hizkuntza ohituretan bereziki eraginez.

BANKA ELEKTRONIKOA

Horrekin batera, euskara lehenesteko neurriak hartuko ditu finantza entitateak banka elektronikoarekin lotutako eremuetan, webgunean zein aplikazioetan. Bermatuko du eragiketa guztiak egin daitezkeela euskaraz. Bezeroek gailu elektronikoak euskaraz konfigura ditzaten sustatuko du, hori bultzatzeko kanpainak eginez, kontuan izanik euskaraz konfiguratzea inportantea dela zerbitzuak euskaraz erabiltzeko.

Hitzarmenak lau urteko iraunaldia izango du. Nolanahi ere, epea amaitu aurretik, edozein unetan, hitzarmenaren sinatzaileek aho batez erabaki ahal izango dute hitzarmena luzatzea, gehienez beste lau urterako, edo hitzarmena azkentzea.

Alde guztiek ohiko komunikazio euskarriak erabiliz herritarrei zein bezeroei hitzarmen honen berri emateaz gain, hiru finantza erakundeen bulegoetako langileei hitzarmenaren arrazoiak eta edukiak ezagutarazteko gida ere prestatu dute elkarlanean, hizkuntza irizpideak bilduta, eta finantza erakundeek asteazken honetatik aurrera helaraziko dizkiete gida horiek langileei, irizpideak argi izan ditzaten.

Hain zuzen, honakoak dira hitzarmena sinatu duten udalerriak: Laboral Kutxarekin eta UEMArekin, Bera, Etxarri Aranatz, Leitza eta Lesaka; Kutxabankekin eta UEMArekin, Alegia, Amezketa, Anoeta, Areatza, Ataun, Aulesti, Bakio, Berastegi, Berriatua, Busturia, Dima, Legorreta, Lizartza, Mendaro, Otxandio, Segura, Zaldibia eta Zestoa; Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin eta UEMArekin, Amasa-Villabona, Antzuola, Aramaio, Deba, Getaria, Igorre, Larrabetzu, Lekeitio, Markina-Xemein, Mutriku, Oiartzun, Oñati, Ondarroa, Orio, Orozko, Usurbil eta Zumaia; Laboral Kutxarekin, Kutxabankekin, Bankoa Abancarekin eta UEMArekin, Azpeitia, Bergara, Bermeo, Tolosa eta Zarautz.