Udalkutxa funtsaren 752,6 milioi euro jaso dituzte Bizkaiko udalek

Actualizado 2015/02/17 14:02:42 CET

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseilua bildu da astearte honetan, otsailaren 17an, Udalkutxa Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren 2014ko ekitaldiko likidazioa egiteko. Horrela, Bizkaiko udalek funts horren 752,6 milioi jaso dituzte. Kontseilu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eta lurraldeko udalek (Eudelen bitartez) dute ordezkaritza.

   Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak gogorarazi duenez, bilera hori egin aurretik, Herri Dirubideen Euskal Kontseilua bildu zen joan den otsailaren 12an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako agintari nagusiekin, Eusko Jaurlaritzako Ogasun sailburuarekin eta Eudelekin (gonbidatu gisa).

   Hitzordu horretan, besteak beste, aurreko ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) guztira bildu den kopurua zein den ezartzen da. 2014ko ekitaldiaren kasuan, 12.319,8 milioi euro izan dira; kopuru horretatik, 6.483,6 milioi euro Bizkaian bildu dira (zenbateko horretatik, beste bi aldundiei ordaindutako 1.137,1 milioi euroak kendu behar dira); Gipuzkoan 3.935,7 milioi euro, eta Araban 1.900,5 milioi.

   Behin zifra horiek aztertuta, Udalkutxa Funtsaren 2014ko ekitaldia ixtea erabaki da Bizkaiko Finantzen Lurralde Kontseiluaren bileran, eta 2014ko funtsa 752,6 milioi eurokoa izan da, hots, 2013an baino %2,7 (733,2 milioi) gehiago. Beraz, Bizkaiko udalek 19,5 milioi euro gehiago izan dituzte, aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Itxiera zifra, baina, ez da iritsi aurreikusitako kopurura, eta ondorioz, 20,9 milioi euroko diferentzia negatiboa egon da.