UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz

Ezkerretik eskuinera: Aitor Elexpuru, Iraitz Lazkano, Ana Ollo eta Mikel Arregi
UEMA
Actualizado: lunes, 13 marzo 2023 11:06

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dute lehen aldiz, euskararen erabilera areagotzeko ekimenak bideratzeko helburuarekin. Urtebeteko iraupena izango du, eta mankomunitateko kide diren Nafarroako herrietan bideratuko diren ekimenak 30.000 eurorekin lagunduko ditu gobernuak.

Iraitz Lazkano UEMAko lehendakariak eta Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak astelehen honetan sinatu dute hitzarmena, Euskarabidearen egoitzan egindako agerraldian, Iruñean. Mikel Arregi Euskarabideko kudeatzaile zuzendaria eta Aitor Elexpuru Berako alkate eta UEMAren zuzendaritza batzordekidea ere izan dira ekitaldian.

Gaur egun, Nafarroako 14 udal dira UEMAko kide, eta martxoaren 25etik beste bi gehituko dira zerrendara. Hitzarmenak udal horiei guztiei eragingo die, udalerriotan euskararen erabilera areagotzeko UEMAk abian dituen edota abiaraziko dituen ekimenak lagunduko baititu diruz Nafarroako Gobernuak.

Zehazki, udalerri horietan UEMAk landuko dituen honako ekimenak lagunduko ditu diruz Nafarroako Gobernuak, "gizarte bizitzan eta udalerri euskaldunetan euskararen erabilera bultzatzeko programak garatzeko": udaletako euskararen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez berritzea; udalerriei euskararen inguruko aholkularitza ematea; udalerrietan kulturartekotasuna garatzeko proiektua; hezitzaileen prestakuntza; udalerriei itzulpen zerbitzua ematea, eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientziatzeko udalekuak.

Hitzarmena astelehen honetatik dago indarrean, 2023ko abenduaren 31 arte, eta bertan zehaztutako lanak bideratzeko, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntza emango dio UEMAri. Bi aldeen arteko jarraipen batzordea ere osatuko da, eta gutxienez bi aldiz bilduko da urtean zehar: hasieran, lan programa adosteko, eta urte amaieran egindakoaren balorazioa eta memoria osatzeko.

BIDELAGUN

UEMAko lehendakari Iraitz Lazkano pozik agertu da hitzarmenarekin, eta Nafarroako Gobernuari eskerrak eman dizkio, udalerri euskaldunen errealitate soziolinguistikoa aintzat hartu eta horietan eragiteko bidelagun izateagatik. Nabarmendu duenez, "UEMArentzat garrantzitsua da Nafarroako Gobernuarekin eta zehazki Euskarabidearekin azken urteotan estutu dugun harremana eta elkarlana".

"Euskararen biziberritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen defentsan elkarrekin bidea egiteko oinarriak zehaztu izan ditugu lehendik ere. Azken urteotan, udalerri euskaldunen eta bereziki euskararen arnasguneen garrantzia ikusarazteko hainbat kanpaina eta ekimen bideratu ditugu elkarrekin, eta hitzarmen honek elkarlana beste hainbat esparrutara zabaltzeko aukera ematen dio UEMAri", azaldu du.

Bere hitzetan, "udalak euskalduntzea ezinbestekoa da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko, baina udalerrien euskalduntzean ere gero eta gehiago ari gara eragiten, herritar berriak euskaraz eta euskaratik sustraituz edota gazteak kontzientziatuz, inertziatik kontzientziara salto egin dezaten, euskarari eusteko".

Gainera, elkarlana emaitzak ematen ari dela ziurtatu du, udalerri euskaldunen lurgunea gero eta zabalagoa baita, eta horren isla da hilabete honetan bertan Nafarroako beste bi udal gehituko direla UEMAra: Doneztebe eta Arruazu.

EKARPENA

Bestalde, Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilaria ere pozik agertu da hitzarmenarekin, eta udalerri euskaldunek euskararen biziberritzeari egiten dioten ekarpena nabarmendu nahi izan du.

Bere hitzetan, "Nafarroako Gobernuaren Euskararen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskararen egoera hobetzea, batez ere udalerri euskaldunetan eta euskararen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilera indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskaraz. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmititzen da euskara, hizkuntza etenik gabe biziberrituz eta herri honen aniztasunari eta kulturari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregatik zaindu, babestu eta indartu egin behar ditugu".

Aipatu duenez, horren harira, "badira urte batzuk UEMArekin zenbait ekimen eta kanpaina egiten ari garenetik. Helburua, beti ere, udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da, euskarari egiten dioten ekarpena aitortzeko eta erakusteko. Horren berri eman izan diegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, eta baita gainerakoei ere, dugun aberastasunaren kontzientzia izan dezaten".

"Orain, hitzarmen honi esker, esparru berrietara zabalduko dugu elkarlana, eta euskarari eusteko eta euskara sustatzeko ezinbestekoak diren alorretan ere jardungo dugu lanean, UEMAren lagutnzari esker", gaineratu du.