18 de Otsaila de 2020
 

UEMAren gazteentzako topaketak Zumaiatik Lekeitiora izango dira aurten

Actualizado 2020/1/21 13:25:12 CET
UEMAren gazte topaketak.
UEMA

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak antolatzen dituen gazteentzako topaketak ekainaren 29tik uztailaren 5era izango dira aurten, eta Zumaiatik (Gipuzkoa) Lekeitiorako (Bizkaia) bidea egingo dute parte hartuko duten gazteek. Otsailaren 19an zabalduko da izena emateko epea. Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta eragile aktibo bihurtzea da topeketen helburua, UEMAk jakinarazi duenez.

Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei buruzko hezkuntza proiektua sortu zuen duela lau urte, eta azken ikasturteetan UEMAko herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean erakundeko teknikariak, Haur Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain.

Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu UEMAk azken hiru urteotan. Iaz, lehen aldiz, ibiltaria izan zen ekimena, eta 60 gaztek hartu zuten parte.

"Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako saltoa ematea eta horrekin efektu biderkatzailea sortzea da helburua, euskararen lurgunea hedatzen jarraitzeko. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa eman nahi da urteroko topaketa hauekin", azaldu dute UEMAtik.

Contador