UEUk helduen euskalduntze eta alfabetatzeari buruzko glotodidatika topaketa antolatuko du azaroan, Bilbon

Glotodidaktika topaketa
UEU
Actualizado: lunes, 22 octubre 2018 11:16

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) Glotodidaktikako V. Topaketa antolatuko du azaroaren 9an eta 10ean, Bilbon, "Helduen Euskalduntze Alfabetatzea aurrera begira" izenburupean. Ekimena Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan egingo da, HABEk babestuta eta Akademiaren laguntzarekin.

UEUtik adierazi dutenez, euskararen biziberritze prozesua "bidegurutze garrantzitsuan" dago, eta prozesu horretan "toki garrantzitsua" izan behar du helduen euskalduntze-alfabetatzeak. "Orain artekoan ekarpen oparoa egin dute euskaltegiek; izan ere, herritar askori eman diote euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera, baina, gainera, eragin zuzena izan dute tokian tokiko giroa euskalduntzen eta euskara bera garatzen", azaldu dute.

Halere, prozesuari "behar bezalako bultzada" eman ahal izateko, "egungo egoera aztertu, gabeziak antzeman, dauzkagun tresnak mahi gainean jarri eta aurrera begira jarri" behar dela ziurtatu dute. Ildo horretan, aurrean dauden erronkak asko direla gaineratu dute UEUtik: "ahozkotasunari garrantzia eman behar diogu; gaitasuna igotzen laguntzeaz gain, erabilera ere sustatu behar dugu; lan munduan, aisialdian edota kirolean urratsak ematen lagundu behar dugu, horretarako egoki programatuz; IKTek ematen dizkiguten aukerak zukutu behar ditugu".

Modu honetan, azaroko topaketako helburuen artean dauden euskararen
biziberritze prozesuaren egoera aztertzea eta helduen euskalduntze eta alfabetatzearen baitan kokatzea; joera pedagogiko berriek dakartzaten ondorioak eta eskaintzen dituzten aukerak aztertzea; lan munduan eragiteko, testuinguruak interpretatu eta egokituta programatzeko aukerak aztertzea; ahozkotasunaren garrantzia azpimarratu eta berau lantzeko irizpideak jasotzea; IKTek ematen dituzten aukerak aztertzea; eta jarduera arrakastatsu batzuk aztertzea, ondorioak atera ahal izateko.

Hizlarien artean egongo dira Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia, HABE, AEK, IKA, Gabriel Aresti eta udal euskaltegietako ordezkariak, Elhuyarrekoak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak eta Deustuko Unibertsitatekoak, besteak beste.

Euskaltegiko irakasle eta profesionalei, ikertzaileei, hizkuntzalariei, irakasleei, hizkuntza politikako kudeatzaileei, euskara biziberritzeko plangintzetan ari diren profesionalei, alderdi politikoetako euskara arduradunei, sindikatuei eta orokorrean gaian interesa daukan edonori dago zuzenduta topaketa. Matrikula egiteko epea azaroaren 5ean bukatuko da.