UEUren 47. Udako Ikastaroak hasiko dira ostegunean, Bilbon, Humanitate digitalak hizpide

Actualizado 2019/06/19 15:31:23 CET
UEUren 47. Udako Ikastaroak hasiko dira ostegunean, Bilbon, hHumanitate digitalei buruzko jardunaldiarekin
UEU

BILBO, 19 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) bere Udako Ikastaroen 47. edizioa jarriko du martxan ostegunean, ekainaren 20an, "Humanitate digitalak: aukerak, erakundeen rol berriak eta elkarlana" jardunaldiarekin. Topaketa Euskaltzaindiaren egoitzan izango da, Bilbon, 09:30etik aurrera.

UEUk jakinarazi duenez, gaur egun, gero eta aukera gehiago dago jendartean sortzen diren datuak errealitateko esparru anitzetan kudeatzeko, eta horrela, gero eta garrantzia handiago du ikerketa egiteko erabili diren datuak elkarbanatzea.

Euskal Herrian eta euskaraz, ordea, konputazio zientzietan eta humanitateetan nahiz gizarte zientzietan ez da diziplinarteko elkarlan handirik egon, baina azken urteetan, euskarazko dokumentuen digitalizazio masiboarekin, sare sozialen eztandarekin eta hizkuntza teknologien hedapenarekin, "arloen arteko lankidetza abiadura biziz garatzen ari da".

UEUren ustez, Humanitate digitalak edo eHumanitateak izena eman zaion eremuak dakartzan "aukerak baliatzeko garaian" gaude, eta "Euskal Herrian aukera handiak ditugu lan interesgarriak aurrera eramateko". Horrela, lan hori bultzatzeko nazioartean Humanitate Digitalak sustatzeko elkarteak sortu dira.

"Euskal Herrian ez dago horrelakorik, eta horregatik, hain zuzen ere, jardunaldi hau antolatu dugu: elkarte hori nola sor daitekeen hausnartzeko eta jakintza arloen arteko elkarlana nola bultzatu daitekeen eztabaidatzeko", azaldu du.