Actualizado 05/08/2022 16:27

Umeak bilakatuko dira Bilboko Aste Nagusiko protagonista

Archivo - Marijaia de Aste Nagusiko txupinazoan
AYUNTAMIENTO DE BILBAO - Archivo

BILBO, 5 (EUROPA PRESS)

Hiru urte igaro ondoren, iritsi dira Bilboko konpartsak Aste Nagusira. Idoia Ugalde Bilboko Konpartsen eledunak adierazi bezala, "aurtengo gure aurtengo leloa 'NAGUSIA izango da' deituko da, itzulera handi bat. Hiru urte ostean, poza berreskuratzeko unea. Poza, Aste Nagusiak konpartsakide moduan bizitzeak ematen diguna, eta edonori eman diezaiokeena, konpartsok betidanik ateak irekita baitugu".

Ugaldek zehaztu duenez, "aurtengoa NAGUSIA izango dela diogun arren, umeentzako ekitaldi piloa prestatu dugu, kontraesankorra badirudi ere", Azken urteotan, azaldu duenez, "badakigu umeek eta nerabeek eremu asko galdu dituztela plazetan, kaleetan, parkeetan, ikastetxeetan eta abarretan, kasu batzuetan elkarrekin jolasean ibiltzeak eta, orokorrean, aisialdiak ematen duen konfiantza, partaidetza eta kolektibotasuna higatu eta ahuldu egin diren punturaino. Horren aurrean, ahalegina egin behar dugu Aste Nagusia NAGUSIA izan dadin, lehen aipatutako poz hori txikienei bueltatzeko, batez ere".

Konpartsek 160 ekitaldi antolatu dituzte txiki eta gazteentzat, bai eta Jai Batzorde Mistoaren barruan laguntzen duten beste hainbat ekimen ere.

Jarduera horietan ez dira faltako, gainera, umeen aspaldiko hiru lagun: Gargantua, Karpatxo eta Mekanitxin. Konpartsakideek gogorarazi dute Gargantua 2019an itzuli zela Arriagara, eta aurten ere bertan izango dela, "gerturatuko diren ume guztiak irensteko prest".

Karpatxo parrandazaleak eta Mekanitxin arretatsuak, ordea, umeak gidatuko dituzte, patinete gainean, Aste Nagusirako abian dauden hainbat ekintzatan parte hartzera, hala nola goitibehera tailerrean, zapi serigrafian, 'sortu zure txosnan' edota umeen kalejiran. "Eta zoratzeko moduko beste hainbat eta hainbat proposamen!", gehitu du Ugaldek.

Ekimenak prestatzeko orduan, Idoia Ugalde eta Ioritz Varona bozeramaileek azaldu dute "kalitate, doakotasuna, parte-hartzea eta adin eta gustu denak asetzen saiatu direla, beti bezala, eta kantitatea ez aipatzearren".

ASTE NAGUSIAN EHUNDAKA JARDUERA

Guztira 533 jarduera antolatuko dira, Jai Batzorde Mistoarekin elkarlenean prestatu dituztenez gain, eta horien artean goitibeheren jaitsiera dago. Aurten ere adin guztietako bilbotarrek parte hartu ahal izango dute, eta proba puntugarria izango da lehenengo aldiz Euskal Inertzia Koparako. Jaietako lehenengo igandean gauzatuko da, Zabalbide kaleko bihurgunetatik behera, errodamenduzko eta egurrezko goitibehera tradizionalez zein Bat Formulakoez.

Beste jarduera bat, eta goiko kontuari lotuta, goitibehera-tailerra da, 'Konpartakidetu!' ekimenaren barruan kokatzen dena eta San Antonen egingo dena. Bertan, umeek euren goitibehera egin ahalko dute, jaitsiera txikian estreinatzeko egunean bertan.

Erripako kaian egingo diren uraren eta kirolaren inguruko jarduerei dagokienez, konpartakideek honako hau adierazi dute: "Udalak interes pribatuen alde ipinitako oztopoak oztopo, aurten ere piraguen igoera, waterpoloa, ur-jokoak eta 3x3 basket txapelketa egingo dira, besteak beste".

Abuztuaren 10ean informazio gehiago emango duten arren, ziurtatu dute dagoeneko lehiaketa eta jarduera gastronomikoek ere izango dutela distira egiteko unea Bilboko jaietan, eta proposamen gustagarriak dakartzatela: "Aski ezagunak dira gure artean Areatza lapikoz eta koadrilez betetzen dituzten patata-tortilla, txipiroi, bakailao, marmitako, buztan gisatu eta patatak saltsa berdean, eta den-denak izango dira lehiaketa gastronomikoaren parte". Horrez gain, ohiko gastrotxiki-gunea eta hainbat dastaketa eta tailer ere antolatuko dira.

Gorputza astintzeko eta bihotz taupadak biziagotzeko gogoa dutenentzat ere badago kirola egiteko aukera. Idoia Ugaldek dioenaren arabera, "parrandarekin maridaje ederra egiten duten ekintzak ditugu prest, hala nola hamaika kategoria desberdinetan izan eman duten eta ia bi mila korrikalarik kolorez jantziko duten Hiri Krosa". Korrika egin nahi ezean, aerobithoia, igel-toka, xakea, musa eta herri-kirolak daude, denetan klasikoenak.

Jaiak patxada handiagoaz ospatzekotan, mahai-jokoak ere egongo dira erabilgarri. Lehenengo igandean Blood Bow eta Open Magic jolasetan ibiltzeko aukera egongo da. Bilboko Konpartsak argi eta garbi oihukatu du: "jaitsi zure kartak edo taldeak eta gozatu!".

Jarduera eta berri bat ere ez galtzeko, konpartsak appa prestatzen ari da aurreko urteetan bezala. Horrela, telefono mugikorrean jaietan gertatuko den guztiaren berri jakin ahal izango dute bilbotarrek eta hirira hurbilduko diren guztiek. Doakoa izango da, eta laster eskuragarri Google Play plataforman.

'NORMALTASUNERA' ITZULTZEA ETA ERASORIK GABE

Programazioa aurkeztu ondoren, konpartsek atzera begiratu eta azken hiru urteotan sumatutako Aste Nagusiaren falta arnastu dute. Ugaldek eta Varonak gogorarazi dutenez, "pandemian elkartasun sareak bultzatu genituen, uste dugulako elkartasuna eta auzolana bilbotarron eta, beraz, gure DNAn dagoela. Geroago, lanak eman dizkigu 'normaltasunera itzultzea' kontzeptuak, askotan normaltasun horrek, itxaropena beharrean bidegabekeriak, prekarietatea, pribatizazioa eta etsipena dakartzalako berarekin. Argi daukagu ez dugula halako normaltasunera itzuli nahi, hura irauli baizik. Bestelako ereduen bidean, badira Bilbon, abuztuan, bederatzi egun berezi, hiria oso desberdina izan daitekeela gogorarazten digutenak, gozamenez, askatasunez eta elkartasunez beterik. Hala, jai esparruan ez dugu onartuko inolako erasorik: xenofobia, arrazakeria, LGTBIQ+fobia, matxismoa edota bestelakorik".

Konpartsakideek, azkenik, agindu dute berriz ere eraikiko dituztela jai herrikoi, alai, euskaldun eta feministak. Horretarako kontatzen dute Itziar Lazkano pregoilariarekin eta Iratxe Palacios txupinerarekin, zein gainerako bilbotar guztiekin.

Contador