Unibertsitateko euskarazko on line eskaintza aztergai ekainaren 10ean Donostian

Iñaki Alegria eta Iratxe Esnaola
UEU
Publicado 2016/05/31 12:46:55CET

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

   Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) "Euskarazko on line eskaintza unibertsitatean: egoera etaerronkak" jardunaldia antolatu du ekainaren 10ean Donostian. Bertan, unibertsitate mailako euskarazko on line eskaintzari buruz hausnartu, gai honekiko instituzioek duten asmoa jaso, egun dagoen eskaintza argitu eta unibertsitateek arlo honetan dituzten erronkak zeintzuk diren aztertu nahi dute. Jardunaldia 09.00etan hasi eta 13.30ean bukatuko da, Donostiako Koldo Mitxelenako ekitaldi aretoan. Matrikula dohainik da, baina izena eman behar da www.ueu.eus webgunean.

   Jardunaldiaren aurkezpena astearte honetan egin dute Iñaki Alegria UEUko zuzendariak eta Iratxe Esnaola Deustuko Unibertsitateko irakasle, UEUko Talde Eragileko partaide eta jardunaldiaren koordinatzaileak.

   Alegriak azpimarratu du on line eskaintza "gero eta zabalagoa" dela, eta Katalunian sortutako UOC (Universitat Oberta de Catalunya, Kataluniako Unibertsitate Irekia) eta Erresuma Batuko Open University nabarmendu ditu.

   Euskal Herriari dagokionez, erdaraz aukerak badaudela jakinarazi du, kanpoko unibertsitateen bidez behinik behin, baina euskaraz "ezer gutxi" dagoela deitoratu du. Ildo honetan, azken hiru urteetan, UEU eta unibertsitatearen eta euskararen beste erakunde batzuek euskarazko on line eskaintza bat sortzen dihardutela adierazi du, baina, "zoritxarrez", orain arte ez dela posible izan gauzatzen hastea.

   Halere, egindago azterketek "baikorrak izateko zantzuak" ematen dituztela nabarmendu du, eta aipatu du irakasle-tutoreak aurkitzeko arazorik ez dela aurreikusten eta gutxienez bospasei titulazio eskaintzeko ikasle potentzial nahikoa egon daitekeela.

   "Gainera, unibertsitatean dugun arazo biri, irakasleen batez besteko adina etengabeko handitzea eta ikerlari gazteak unibertsitate sisteman integratzeko zailtasunak, irtenbidea bideratzen lagun lagun lezake halako egitasmo batek. Baina bide hau, arrakastatsua izango bada, lankidetzan eta instituzioen eskutik egin behar da. Eta horregatik antolatu dugu jardunaldi hau, gai honek duen garrantzia plazaratu eta inguruko hausnarketa egiteko", azaldu du.

BI HELBURU NAGUSI

   Horrela, Iratxe Esnaolak jardunaldiaren xehetasunak eman ditu, eta bi helburu nagusi dituela jakinarazi du. Alde batetik, "egungo egoeraren argazki bat" aterako dutela adierazi du, eta argazki hori lortzeko, "hasteko, erakunde publikoek arlo honetan duten ikuspuntua eta etorkizunerako dituzten asmoak ezagutuko ditugu".

   Horretarako, Euskaltzaindia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza izango dira jardunaldian. Jarraian, lau unibertsitatetako ordezkariak arituko dira: Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), Mondragon Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

   "Hauek, gaur gaurkoz, on line eta euskaraz duten eskaintza aipatuko dute eta baita, aurrez aurreko gisa jaio arren, nola kokatzen diren online paradigman eta zein diren etorkizunerako urratsak", gaineratu du.

   Argazki eta radiografia honen ondotik, kaferako tartea hartu eta bigarren helburuari helduko zaiola jakinarazi du Esnaolak, hau da, euskarazko on line eskaintzak unibertsitatean dituen erronken gainean sakontzea". Horretarako, hasteko, UOCeko Ikaskuntza eta Irakaskuntzako errektoreordea den Carles Sigales Conde izango da topaketan, eta sortu eta 20 urte hauetan UOCek kataluniar jendartean izan duen eraginaz hitz egingo du eta baita arrakastaren gakoak zein izan diren eta online eskaintzaren etorkizuna nola ikusten duen azalduko du.

   Ondoren, UNEDeko zuzendari ohi eta patronatokidea den Juan Jose Alvarez eta UEUko zuzedari Iñaki Alegria batuko zaizkio Carlesi eta euskarazko on line eskaintzak dituen erronkez arituko dira".