Publicado 30/09/2022 17:20

'Uraren ekologiak' nazioarteko sinposioa egingo da urriaren 6an Guggenheim Bilbao Museoan

Guggenheim museoa Bilbon.
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA

BILBO, 30 Sep. (EUROPA PRESS) -

'Uraren ekologiak. Artearen, zientziaren eta teknologiaren arteko lankidetza-esparrua' izenburuko nazioarteko sinposioa egingo da urriaren 6an Guggenheim Bilbao Museoan. Ekosistemak zaindu eta lehengoratzeko premiei erantzuteko artearen, zientziaren eta teknologiaren eremuen artean lankidetzak duen garrantzia nabarmentzea izango du helburu.

Museoko iturriek jakinarazi duetnez, ur inguruneetan arreta berezia jarrita, kontuan izanik gizakiok eta beste zenbait espezie bizirauteko ezinbestekoak direla, jardunaldiak diziplinarteko elkarrizketa eta lankidetza sustatzea eta estatuz haraindiko lan eremuak identifikatzea du helburu.

Horretarako, Europako aditu ezagunenetako batzuk bilduko dira Bilbon, besteak beste, Amalia Zepou gizarte berritzailea eta Atenasko alkateorde ohia, Mark IJzerman ikerlari, artista eta Roterdameko V2_Lab for the Unstable Media-n egoiliarra, Paolo Naldini Cittadellarte-Fondazione Pistoletto-ko zuzendaria eta Valery de Smedt Bruselasko LUCA School of Arts-eko ikerketa arloko arduraduna.

Aditu horiei Cristina Iglesias euskal artista gehituko zaie. Dokumental baten bidez, 'Hondalea' proiektua aurkeztuko du, "artisten, zientzialarien eta teknologoen arteko elkarrekintzaren adibide bikaina, eta euskal artearen historia modernoan paisaian izan den interbentzio anbiziotsu eta gailenetakoa".

Sinposioak Europako Batzordearen STARTS4Water ekimenaren lankidetza du eta hura ordezkatuz bertaratuko da Bilbora Ralph Dum Fisikan doktorea, ikerlaria eta erakunde horretako bazkide sortzailea. Izan ere, artisten, industriako eta teknologiako eragile aitzindarien eta ikerketa zientifikoan diharduten erakundeen arteko lankidetza sustatzen du erakunde horrek.

'Uraren ekologiak' sinposioarekin hasiko da urrian Guggenheim Bilbao Museoaren 25. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldi sorta. "Orain arte antolatu diren ekimen guztiek eta datozen hiletarako programatutakoek bezala, nazioarteko ekitaldi honek urteurrena inspiratzen duten balioak jasotzen ditu, eta ospakizunak goiburutzat duen lelo honetan islatzen da: artea etorkizunerako inspirazio", adierazi dute.

Jasangarritasunak, klima aldaketak eta berari lotutako erronkek kezkatzen dituzten pertsonei zuzendua dago topaketa, bai eta etorkizun jasangarrien ikerketan eta sustapenean diharduten ikasleei eta profesionalei ere. Guggenheim Bilbao Museoko zuzendari nagusi Juan Ignacio Vidarte izango da aurkezlea, eta museoko arte arduradun Manuel Cirauqui moderatzailea.