Urdaibain eta Gorbeian egingo diren bi ekintzekin ospatuko da Bizkaian Hezeguneen Nazioarteko Eguna

Actualizado 2013/01/31 12:52:59 CET
BIZKAIKO FORU ALDUNDIA

BILBO, 31 Ene. (EUROPA PRESS) -

Urdaibai Bird Center-ek zentroa bera eta inguruko hezeguneak ezagutzeko doako bisita gidatuak eskainiko ditu eta Gorbeiako Parketxeak Saldropo ingurura irteera bat prestatuko du larunbat honetan, otsailaren 2an, Hezeguneen Nazioarteko Egunaren ospakizunen baitan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Hezeguneen Nazioarteko Eguna Europako hegaztiek euskal hezeguneetan egiten duten negupasaren pikurik gorenean dator, izan ere, ehunka hegazti negutarrek Gautegiz Arteagako paduretan igarotzen dute urtaro hotza, eta eskualdera doazen hegaztien kopuruak gora egiten du kontinentearen iparraldean eta ekialdean sortzen diren neguko hotz-boladen ondorioz.

Urdaibai Bird Center Bizkaiko Foru Aldundiaren, BBKren eta Aranzadi Zientzia Elkartearen ekimena da, eta hezkuntzarako eta ikerketa aplikaturako zentro honi esker, Bizkaiak "toki garrantzitsua hartu du Europan hegazti-faunaren ikerketarako dagoen sare zientifikoaren barruan". Bizkaiko Aldundiaren ustez, balore naturalak interpretatzeko eta sustatzeko ekipamenduak edo zentroak sortzea "funtsezkoa da ingurumen-kontzientzia berria eraikitzeko".

Euskal hezeguneen ezagutzarekin, ikerketarekin eta gozamenarekin lotura duten alderdi ezberdinak nabarmentzea da mundu osoan egiten den Hegaztien Egunarekin lortu nahi den helburua. Alderdi horiez gain, ekosistema horiek Europako uretako hegaztien negupasan eta hazkuntzan berebiziko garrantzidun eremu gisa duten zeregin estrategikoa ere azpimarratu nahi da.

DOAKO BISITAK

Testuinguru horretan, Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatutako Urdaibai Bird Center-ek doako bisiten programa bat eskainiko du: ordubeteko iraupena izango duten lau bisita egingo dira larunbatean, eta gehienez 20 pertsona hartuko ditu talde bakoitzak.

Bisita horietan, zentroko ekipamendua, Gautegiz Arteagako hezeguneak eta bertako paduretan dauden hegaztiak erakutsiko zaizkie bisitariei. Gainera, Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako hezegune ezberdinak interpretatuko dituen bi orduko ibilbide naturalistikoan parte hartzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Zentroak bisitariak hartzeko duen gaitasuna gainditu ez dadin, gomendagarria da tokia erreserbatzea aldez aurretik zentrora deituta. Bisitak erreserbatzeko zein horiei buruzko informazioa eskatzeko 699 839 202 telefonora deitu daiteke edo, bestela, zentroko web-orrian ere badago informazio hori (www.birdcenter.org).

Zentrora egingo diren bisitek ordubeteko iraupena izango dute eta 9:30, 10:30, 11:30 eta 12:30ean hasiko dira. Gautegiz Arteagako hezeguneen bisita, aldiz, 10:30ean hasiko da eta bi ordu eta erdiko iraupena izango du.

Beste alde batetik, Gorbeiako Parketxean antolatu duen irteeran parte hartzeko, Saldropoko hezeguneak ikustera joateko, aurretiaz 94 673 92 79 telefonora deituta edo gorbeia.parke.naturala@bizkaia.net helbidera idatzita joan daiteke.