Urduñan egingo da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia 'Lurra, herria, eskola errotu' lelopean

Urduñan egingo da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia 'Lurra, herria, eskola errotu' lelopean, 2025eko ekainaren 1ean
EHIGE
Actualizado: jueves, 12 diciembre 2024 12:34

BILBO, 12 (EUROPA PRESS)

Urduñan (Bizkaia) ospatuko da Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaia 2025eko ekainaren 1ean, 'Lurra, herria, eskola errotu' lelopean, Ordiziaren (Gipuzkoa) lekukoa hartuz. Lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza eredu publikoa aldarrikatu nahi izan dute leloaren bidez, antolatzaileek ostegun honetan aurkezpenean azaldu dutenez.

Prentsaurrekoan parte hartu dute Eba Colomino eta Javi Ortega Urduña Herri Eskolako guraso eta guraso ohiek, Uxue Mendibil Urduñako Udaleko Hezkuntza zinegotziak eta Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak. Urduñako eskolako zuzendari, irakasle eta ikasleak eta Aiaraldeko eskola publikoetako gurasoen elkarte eta zuzendaritzen ordezkariak ere egon dira bertan.

'Lurra, herria, eskola errotu' leloaren bidez lurrean eta herrian txertatua dagoen hezkuntza eredu publikoa aldarrikatu nahi izan dute. 'Lurra', elikadura erdigunean ipintzen duen eskola delako.

Ildo horretan, azaldu dutenez, hainbat urtetako lanaren ondorioz, 2018-2019 ikasturtean martxan jarri zen Urduñako eskola jantokiaren proiektu pilotua, eta ordutik erreferente izan dira elikadura burujabetzaren arloan Estatu mailan.

Horrekin batera, patioa eraberritu dute, herriko umeei espazio lagunkoi eta hezitzaile bat eskainiaz. Bide honetatik jarraitzeko, eskolan sukaldea propioa izatea eskatu dute, oraingoa eskola ondoan dagoen zaharren etxean dagoelako.

Era berean, 'herria' kontzeptuari dagokionez, azaldu dute Urduñako hiritarrek orain 30 urte herri eskola sortzea lortu zutela, "publikoa izango zen eskola batek soilik bermatu zezakeelako belaunaldi berrien euskalduntzea". "Eskola komunitate osoaren konplizitatea eta auto antolakuntzari esker, hezkuntza proiektua etengabe hobetu du, umeak erdigunean izanik. Familiak, irakaslegoa, inguru hurbila, hiria", adierazi dute.

Hirugarrenik, sistema publikoaren aldeko instituzioen apustu irmoaren beharra nabarmendu nahi izan dute 'eskola' kontzeptuarekin, beharrei erantzungo dieten baliabide berrituak eta inbertsioak eskaintzea, alegia, azpiegitura egokiak, haurreskolerako ordutegi zabal eta malguak eta beste.

IRUDIA ETA GUNEAK

Xabat Agirrek egin du jaiaren diseinua, 'lurra', 'herria', 'eskola' eta 'errotu' kontzeptuetan oinarrituta. Joera kolore beroak erabili ditu, eta forma organikoak. Hala, lurra zuhaitz baten bidez irudikatzen da; herria, arrosa koloreko etxe baten bidez; eskola, liburuxka hori baten bidez; jangelak, sagar baten bidez. Esfera batean barnebiltzen dira irudi guztiak, lurra, mendiak eta zerua irudikatzen duten formekin batera.

Bestalde, 2025eko ekainaren 1ean Urduñan egingo den Euskal Eskola Publikoaren 32. Jaiak lau gune izango ditu, ohiko gune ibiltariarekin batera. Festaren gune izango dira Foru plaza, museoaren plaza, Gernika plaza eta eskola bera.

Ekintza ibiltariez gain, besteak beste, txikien eta gazteen gunean puzgarriak eta tailerrak izango dira, eta Gernika plazan bazkari gunea egongo da. Kale animazioa izango da, musika, kalejira eta kale antzerkiarekin, besteak beste, eta Foru plazan Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia eta tailerrak izango dira.

URDUÑA HERRI ESKOLA

Urduña Herri Eskola da Bizkaiko hirian dagoen haur eta lehen hezkuntzako ikastetxea bakarra da. Haurraren mugimendu autonomoa eta esperimentazioa du oinarri eta eremuka lan egiten du, ebaluazio hezitzailea bermatuz eta hezkuntza komunitatearen begirada aldaketa bateratua eraikitzeko. Eskola espazio berri naturalizatu batean kokatzen da, ekosisteman murgilduta dago eta umearen garapen prozesuan bidelagun da.

Euskara da eskolako ardatz nagusia da eta euskararekiko jarrera hobetzea eguneroko erronka. "Aurrera egiteko familien partaidetza ezinbestekoa da, orain arte bezala", nabarmendu dute.

Jolastokia ikastokia da Urduña Herri Eskolan eta denboren naturalizazioa ere ezinbesteko ardatza da eskolan, ikasleen garapenarekiko errespetuzko begirada bultzatuz (mugimendu autonomoa, ordutegi malguak eta abar). Teknologiaren erabilera arduratsua da plan digitalaren helburu nagusietako bat.

Urduñan haur eskola ere dago eta Zaraobe Institutua da Urduña Herri Eskolako ikasleak hartzen dituen ikastetxea. Amurrion (Araba) kokatuta dagoen ikastetxea da, eta DBH, batxilergoa, prestakuntza zikloak eta etengabeko prestakuntza eskaintzen ditu.

Sarean lan egiten duen eskola publikoa da Urduña Herri Eskola. Urduñako Eskolako ibilbide naturala diren haur eskola eta Zaraobe institutuaz gain, bailarako beste hainbat ikastetxe publikoekin batera sarean aritzen da, Aiaraldeako hezkuntza sarearen baitan. Sare honen helburua bailaran kalitatezko hezkuntza publikoa eskaintzea da.