Urria oso hezea eta XXI. mendeko hotzena izan da EAEn

Euria Donostian
EUROPA PRESS
Actualizado: lunes, 2 noviembre 2020 16:34

BILBO, 2 (EUROPA PRESS)

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren arabera, 2020. urteko urria mende honetako hotzena izan da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta hezeena Araba eta Bizkaiko zenbait lekutan.

Tenperaturari dagokionez, Euskalmetek egiaztatu du 2000tik izan den urririk hotzena izan dela aurtengoa, batez bestekoa baino gradu bat baxuagoa, gutxi gorabehera (1981-2010 aldiarekin alderatuz). Batez besteko tenperatura 14-15 gradukoa izan da kostaldean, eta 11 gradukoa Arabako Lautadan.

Aldaketa handiak izan dira tenperaturan urrian: batez bestekotik beherako egunak egon dira (izotza, lehenengoz, urriaren erdialdean bota zuen; Iturrieta -2,2 gradu hilaren 17an), baina egun beroak ere izan dira, urte sasoirako balio nahiko altuak neurtuta (Higer 27,3 gradu hilaren 19an).

Tenperatura horiekin batera, espero baino intsolazio txikiagoa izan da, %15-30 gutxiago. Salbuespena Arabako Errioxa izan da, eguzki orduak batez bestekoa baino %10 gehiago izan baitira.

Bestalde, urrian pilatutako prezipitazio kopuruari dagokionez, EAEko leku gehienetan oso hezea izan dela ondorioztatu du Euskalmetek. Batez bestekoa baino %50 gehiago bota du kostaldean, mendebaldean eta Arabako Lautadan. Denean ez, baina, Araba eta Bizkaiko zenbait lekutan, mendebaldean bereziki, mende honetako urririk euritsuena izan da (Cerroja, Orduña, Subijana, Igorre eta Abetxuko).

Euri kopururik handienak, ohi bezala, Gipuzkoako ipar-ekialdean neurtu dira, 250 eta 290 l/m2 artean (Behobia 292 l/m2). Era berean, nabarmentzekoa da Araba erdialdean bildurako kopuru altuak, 115 eta 125 l/m2 artekoak, hain zuzen ere (Salvatierra 126 l/m2).

Araba hegoaldean, aldiz, urrian botatako euri kopurua ohikoa izan da, 30 eta 60 l/m2 artean (Moreda 31 l/m2), eta salbuespen argia izan da. Urriko lehen hamabostaldia bigarrena baino euritsuagoa izan da: hilean 18 egun egin ditu euria kostaldean, 15 Araba erdialdean eta zazpi Arabako Errioxan.

Azkenik, Segurtasun Sailak hamabi alerta eman ditu urrian, sei egunetan: bost haizeagatik izan dira, lau olatuengatik nabigaziorako eta beste hiru kostaldeko inpaktuagatik. 'Barbara' izeneko depresioak urriaren 20 eta 21 artean utzi zituen hileko haize boladarik gogorrena (Oiz 172 km/h), 2009an 'Klaus'-ek eta 2010ean 'Xynthi'-ak utzitakoak baino zertxobait baxuagoa.