Actualizado 09/03/2012 11:19 CET

"What about Columbus" dokumentala aldi berean estreinatuko da larunbatean Indian, Perun eta Euskal Herrian

BILBO, 9 Mar. (EUROPA PRESS) -

"What about Columbus" dokumentalaren estreinaldia izango da larunbat honetan, martxoaren 10ean, aldi berean Limako Ventana Indiscreta aretoan (Peru), Bilboko Alhondigako Golem zinema-aretoetan eta Puneko Filmategi Nazionalean (India).

Dokumentalaren gidoigile eta arduradun nagusia den Lander Camarero bilbotarrak jakinarazi duenez, "What about Columbus" fikzioari buruzko dokumental bat da. Bertan, kultura desberdinetako hiru zinemagile taldek (euskalduna, peruarra eta indiarra) Antoine de Saint-Exuperyren "Printze txikia" egokitu dute. Dokumentalak hiru bertsioen desberdintasun narratiboak aztertu ditu eta bertsio hauetara iristeko zinemagileen sorkuntza prozesua erakusten du.

Hiru bertsioak zinemaren munduko profesionalek egin dituzte. Talde indiarrean Bolywoodeko gidoigilea den Anjun Rajabali eta Anshwini Malik zuzendari independentea daude; talde peruarra Gianfranco Annichini gidoilaria eta Fabrizio Aguilar zuzendariak osatzen dute; euskal taldean Moriarti ekoiztetxeko kideak diren Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga gidoigileak daude.

108 minutuko dokumental honetan sorkuntza prozesua eta emaitzak, ikusiko dira larunbateko estreinaldian. Emaitzak hiru lan labur dira, bakoitza hamar minutuko iraupenarekin.

Dokumentalean gidari lanak egiten Lander Camarero izango da, proiektu guztiaren arduradun nagusia, hain zuzen. Camarerok publikoarekin eta fikzioaren arauekin jolastu nahi izan du eta horretarako "gidoilari zapuztuarena" egin du.

Bere hitzetan, "kulturarteko proiektu honek duen konparaziorako izaerak aldi bereko estreinaldia egiteko aukera ematen digu. Konparatzeko aukera dugu grabatu den herrialdetako audientziak nolako erreakzioa izango duten aztertzeko aukera ematen digulako. Esperientzia orijinal honek publiko desberdinaren arteko interaktibitatea sustatzeko aukera ematen du eta honek dokumentaletik haratago interesa sortzen du".

"Azken finean, esperientzia zinematografiko paregabe baten aurrean gaude, pantailaren muga zeharkatzen eta audientzia desberdinak esperimentu narratibo eder batean parte egiten baitu", azaldu du.

Dokumentalaren proiekzioaren ondoren, webcam bidez, hiru herrialdeetako areto desberdinen arteko konexioa egingo da. Bertan, parte hartu duten zinemagileen eta publikoaren artean, solasaldi kultural eta kontinenteartekoa egingo da.

Bestalde, "What about Columbus" berriz ikusi ahal izango da martxoaren 12an Donostiako Kresala zine-klubean, arratsaldeko 19:30etik aurrera.