XXXI. Bilbainada lehiaketako irabazleak 'Pergolan' eta 'La nueva plaza del gas' lanak izan dira

2019Ko Aste Nagusiko Bilbainada Bat.
BILBOKO UDALA - Archivo
Publicado: viernes, 23 agosto 2019 17:42

BILBO, 23 Ago. (EUROPA PRESS) -

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea buru, Bilbainaden XXXI. Lehiaketako sariak banatzeko ekitaldia egin da ostiral honetan, abuztuaren 23an, Casilda Iturrizar Parkeko pergolan, Aste Nagusiko bilbainaden kontzertu tradizionalen barruan.

"Joseba Solozabal TeleBilbaoko aurkezle ezagunak gidatuta, ekitaldian 'Los 5 Bilbainos' taldeak ere parte hartu du. Bilboko Udalak, Radio Nervionekin eta Telebilbaorekin elkarlanean bultzatutako ekimen honen helburua, Bilboko betidaniko abestiaren musika sorkuntza bultzatzea eta jaietako giroari eta tradizioari eustea da", nabarmendu dute Udaletik.

Aurtengo edizioan, Julen Murga Olabegoyak idatzitako 'Pergolan' lanak jaso du euskarazko bilbainadarik onenaren saria. Gaztelaniaz idatzitako bilbainadarik onenari ematen zaion saria, Guillermo Garmendiaren 'La nueva plaza del gas' lanak irabazi du.

Saritutako abestiez gain, edizio honetako epaimahaiak, hirian hain sustraituta dagoen musika genero honi emandako laguntza eta bultzada aitortzen duen Ohorezko Don Diego sari berezi bi eman dizkie Iñaki Basabe bilbainada abeslari eta konposatzaileari, kontzertu asko eta askotan eta mota guztietako ekitaldi eta agertokitan bilbainadak eskainiz egin duen lan nekaezinarengatik, eta urte luzez lehiaketa honetan parte hartu eta hainbat sari lortu zituen Juani Peñagarikanori.

2019ko edizioko epaimahaikideak Nekane Alonso Bilboko Udaleko zinegotzia, Enrique Campos Nervión Taldeko zuzendaria, Iñaki Uranga abeslaria, Ana Madariaga Bilbao Musikako gerentea, eta Amagoia Loroño Akordeoi Orkestrako zuzendaria izan dira.

"Bilbainada lehiaketa, gure hiriaren egunerokotasuna erakusten duen abesti bilduma bilakatu da urteak igaro ahala. Konposizio horiek Bilboren historia kontatzen dute, arkitektura lanetan, garraiobideetan, erakundeetan edo pertsonaia enblematikoenetan oinarrituta. Lehiaketak arrakasta handia du herritarren artean, eta, normalean, hogei abesti inguru aurkezten dira", adierazi dute Bilboko Udaletik.