Yolanda Mosquera irudigile arabarrak egin du aurtengo Euskal Herriko Itzuliko kartela

Yolanda Mosquera arabarrak egin du aurtengo Euskal Herriko Itzuliko kartela
EUSKO JAURLARITZA
Actualizado: martes, 26 marzo 2019 13:59

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Txirrindularitza Itzuliak bere kartela euskal sortzaileei eskatzeko tradizioa berreskuratu du, eta aurtengo edizioarena aurkeztu du astearte honetan, Yolanda Mosquera irudigile arabarrak egindakoa, hain zuzen. Aurtengo Euskal Herriko Itzulia apirilaren 8an hasiko da, Zumarragan, eta apirilaren 13an amaitu, Eibarren.

Kartela aurkezteko ekitaldia Bilboko Arte Ederren Museoan egin da, eta, egilearekin batera, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoaren zuzendaria eta Itzulia antolatzen duen OCETA erakundeko presidente Julian Eraso egon dira.

Mosquerak Euskadi Literatura Saria irabazi zuen iaz, Lan Literario baten Ilustrazioa modalitatean, eta Eusko Jaurlaritzak hala proposatuta eskaini zaio kartela egitea. Helburua da Gerra Zibilaren aurreko tradizioa berreskuratzea, garai hartan puntako euskal artistek egiten baitzituzten Itzuliaren kartelak. Mosquerak ikusizko metafora bat proposatu du kartelean, tropela islatzen duen koloredun suge bat lurraldean sigi-saga narrasten erakusten duena.

"Antonio Guezala margolariaren senitartekoekin izandako bilera batean gogoratu genuen nola Gerra Zibila baino lehenago euskal artistek Itzuliaren kartelak egiten zituzten. Momentu hartan sortu zen tradizio hori berreskuratzeko ideia. Itzuliaren antolatzaileei proposatu genien, eta oso era positiboan erantzun zuten", azaldu du Zupiriak.

"Ekimen honi esker ohitura bat berreskuratu dugu eta talentuz beteriko euskal artisten belaunaldi bat gogoratzeko aukera izango dugu. Halaber, ekimen honek euskal sortzaileei beren lana erakusteko aukera berriak eskainiko dizkie, publiko zabal batengana heltzeko aukera luzatuz. Hirugarrenik, artea eta kirola uztartzen duen apustu hau Itzuliaren tradizioa eta prestigio nabarmentzeko baliagarria izango da", gaineratu du.

ILUSIO HANDIZ

Horrela, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren proposamenak, Itzuliaren eskutik bultzatua, urtero eskainiko dio kartela egiteko aukera sortzaile bati. Hortaz, Euskadi Literatura Sariaren irabazleak, Lan Literario baten Ilustrazioa modalitatean, abagune berri hori izango du. Iazko edizioan modalitate horretan gailendu zen Yolanda Mosquerak azaldu duenez, "ilusio handiz" jaso zuen proposamena.

"Sailaren proposamenak emozio handia eragin zidan eta buru-belarri aritu naiz kartela diseinatzen. Lan egiten dudanean ikusizko metaforak baliatzea gustuko dut, inteligentzia desafiatuz eta kontzeptu ezberdinen inguruan geruza edo oinarri ezberdinak sortuz. Kontzeptu horiek era batera edo bestera helduko dira hartzailearengana haren interesen arabera", azaldu du.

Sugaar pertsonaia mitologikoaren irudia erabili du Mosquerak aurtengo kartelean, "gure antzinako kultura kirolarekin batera aldarrikatzeko": "Saihestezina zen niretzat tropela gure lurraldea zeharkatzen duen koloredun suge baten moduan ikustea, eta hortik jo nahi izan dut".

EGILEA

Yolanda Mosquera (Amurrio, Araba, 1973) Arte Ederretan lizentziatua da, Diseinu Grafikoa espezialitatean. 2008an, Haur Ilustrazioko graduaondoko bat egin zuen Einan, Bartzelonako Diseinu eta Arte Eskolan. Bertan, liluratuta atera zen album ilustratuekin, bereziki bitarteko horien adierazpide artistikoarekin eta narrazio zein egitura konplexutasunarekin.

2011n, Peru Abarka album ilustratuen lehiaketa irabazi zuen eta hor, lehendabiziko aldiz, album formatuaz argitaratu zuen. Arabiar Emirerri, Txina, Hego Korea, Mexiko, Portugal eta Italiako askotariko ilustrazio erakusketetan erakusgai jartzeko hautatua izan da urteetan zehar. 2013ko amaieran, "Caballitos de Sal" haur poema bildumako ilustrazioak argitaratu ziren eta, hilabete batzuk geroago, lan horri esker, Ohorezko Aipamena jaso zuen Sharjahko Liburu Azokan, Arabiar Emirerrietan.

Iaz, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen, Lan literario baten Ilustrazioa modalitatean. Sari horren kasuan, epaimahaiak "ilustrazioaren trataera eta dotorezia azpimarratu zuen, nabarmentzen baitzen istorioaren gogortasunarekin alderatuta". Ilustrazioen kalitatea eta artistaren talentua ere goratu zuten, aukera ematen baitzuen berezko unibertso bat sortzeko lanaren baitan