Youtuben euskara zabaltzeko Youtubeskolak egingo dituzte urrian Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin

- AZKUE FUNDAZIOA

Actualizado: viernes, 13 septiembre 2019 13:57

Lehiaketa bat ere abiatuko da Youtube bidez, euskaraz, Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak Youtubeskolak izeneko ikastaroak antolatuko dituzte urrian, Zalla, Derio, Durango, Zornotza eta Basaurin, Youtube webgunean euskararen erabilera zabaltzeko asmoz. Basauri, Durango eta Zornotzako udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan burutuko da egitasmoa, eta Youtube bidezko lehiaketa bat ere abiatuko dute urrian eta azaroan, Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Ekimena ostiral honetan aurkeztu dute, Bilboko Euskararen Etxean, Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak, Iurdana Acasuso Azkue Fundazioko zuzendariak eta Iban Garcia eta Ane Atxutegi youtuber gazteak; biek ala biek proiektua sustatzeko abiatutako kanpainaren irudia osatzen dute. Horiekin batera, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Josu Andoñi Begoña Txorierriko Mankomunitateko presidentea ere izan dira ekitaldian.

Youtuben euskararen erabilera zabaltzeko asmoarekin sortu da Youtubeskolak; izan ere, Youtube da gazteek euren aisian ikus-entzunezko edukiak ikusteko, partekatzeko eta trukatzeko gehien erabiltzen duten kanaletako bat.

Ekimenean parte hartuko dutenek aukera izango dute YouTuben bideoak sortzeko, editatzeko, produzitzeko eta post-produzitzeko eta kanalak sortzeko eta kudeatzeko. Ikastaroetan gai interesgarriak landuko dira benetako youtuber bihurtu nahi dutenentzat, hala nola Youtuben kontu bat sortzeko urratsak, izena ematea Youtubeko kanaletan, profila pertsonalizatzea, grabaketak eta muntaiak egitea, musika jaistea eta post-produkziorako beste pertsona batzuen irudiak erabiltzea edota bisualizazio gehiago izateko estrategiak.

Ikastaroak zortzi orduko jardunaldi bakarrean egingo dira. Lantegia behin amaituta, parte hartzaileek bideo bat diseinatzeko, garatzeko eta argitaratzeko behar diren gaitasun teknikoak eskuratuko dituzte. Hartara, jardunaldi berean prozesu tekniko osoa barneratuko dute.

Durangon eta Basaurin urriaren 5ean edo 6an izango dira Youtubeskolak, Udal Euskaltegiko Berbagunean eta Basozelai Gaztegunean, hurrenez hurren; Derion urriaren 19an edo 20an, Kultur Birikan; eta Zallan eta Zornotzan urriaren 26an edo 27an, Gazte Zentroa Abian eta Zelaieta Zentroan, hurrenez hurren. Ikastaroen ordutegia 09:30etik 18:30era izango da, eta bazkaria etxetik eraman beharko da.

Izen-ematea zabalik dago eta www.youtubeskolak.eus webgunearen bidez egingo da, irailaren 30era bitarte. 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute; hain zuzen, 2003, 2004, 2005 eta 2006an jaiotakoek, eta, izena emateko, webgunean jasotako inskripzio fitxa betetzea baino ez dago.

Udalerrietan bi lantegi egingo dira, eta bakoitzak 15 plaza izango ditu. Eskaerak plazak baino gehiago balira, zozketaz izendatuko dira. Zozketak tokian tokian kudeatuko dira. Youtubeskolak.eus webgunean udalerri eta mankomunitateekin harremanetan jartzeko kontaktuak biltzen dira.

LEHIAKETA ETA JAIA

Halaber, Youtubeskolak proiektuaren baitan, Youtube bidezko lehiaketa bat abiatuko da, euskaraz, eta Euskal Herriko 13 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu ahalko dute. Horretarako, parte hartzaileek gai zehatz baten inguruko bideo bat egingo dute, eta objektu eta esaldi batekin osatu beharko dute; esaterako, objektua, egurrezko koilara bat eta esaldia, 'aurrerapen teknologikoak izugarriak dira!'. Lehiaketa urriaren 28an abiatuko da, eta egun horretan iragarriko da zein gairen inguruan ardaztuko den lehiaketa.

Bideoen gehienezko iraupena minutu bat eta erdikoa izango da, eta parte hartzaileek haien Youtube kanaletan argitaratu beharko dituzte, gero lehiaketara aurkezteko.

Bideoak aurkezteko epea urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izango da, eta izen-ematea youtubeskolak.eus webgunearen bitartez egingo da. Bertan, inskripzio-fitxa bat izango da, eta parte hartzaileek bideoaren esteka bidali beharko dute datu pertsonalekin batera. Nahi beste lan aurkez daitezke, bakarka edo taldean.

Aurkeztutako bideoak Azkue Fundazioaren lantaldeak aztertuko ditu. Ez dira onartuko eduki iraingarriak biltzen dituzten lanak: giza eskubideen urraketa, bortizkeria, irainak, arrazakeria, sexismoa edota errespetu faltak. Hortaz, behin izen-ematea burututa, parte hartzaileek antolatzaileen onespena jaso beharko dute partaidetza baieztatzeko.

Sariak hauek izango dira: 13-14 urteoentzako Sari Nagusia eta 15-16 urtekoentzako Sari Nagusia. Hirugarren sari bat ere izango da, Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onenarentzat. Bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar onenak, berriz, GoPro Hero 7 Black kamera bat.

Irabazleak jai batean iragarriko dira eta sari-banaketa ere bertan egingo da. Festa hori azaroaren 30ean egingo da, Euskararen Etxean, Bilbon. Epaimahaia Ane Atxutegik eta Ibai Zarketak eta Azkue Fundazioko lantaldeak osatuko dute.