Youtubeskolak ekimena Basaurin eta Durangon izango da aste honetan

- AZKUE FUNDAZIOA

Actualizado: lunes, 16 septiembre 2019 12:10

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak abiaturiko Youtubeskolak egitasmoa Basaurin eta Durangon izango da aste honetan, proiektua udalerriotako gazteen artean aurkezteko asmoz. Ekimenaren helburua gazteek Interneten euskarazko edukiak sortzea da, Youtube kanala erabiliz.

Bere arduradunek jakinarazi dutenez, proiektuaren helbureua lortze aldera lantegiak eta lehiaketa bat antolatu dira. Lantegiak urrian egingo dira, Durangon, Basaurin, Derion, Zallan eta Zornotzan, Basauri, Durango eta Zornotzako udalekin eta Enkarterriko eta Txorierriko mankomunitateekin lankidetzan.

Bada, Youtubeskolak egitasmoa Basaurin eta Durangon izango da aste honetan, herri horietako gazteen artean proiektu ezagutarazteko asmoz. Hala, astelehen honetan, irailaren 16an, 14:00ak aldera, Youtubeskolak egitasmoaren ordezkari Iban Garcia eta Ane Atxutegi Basauriko ikastetxeetatik ibliko dira. Biak ala biak youtuber gazte eta euskaldunak dira, eta asteartean, irailaren 17an, Durangoko ikastetxeetan izango dira, 14:30 aldera. Kale animazio horien xedea da egitasmoa ezagutaraztea eta, ondorioz, herri horietan partaidetza sustatzea.

Bestalde, arduradunek gogoratu dute proiektuak bigarren zati bat izango duela: Euskal Herri osora zabalduko den Youtube bidezko lehiaketa. Bideoak aurkezteko epea urriaren 28tik azaroaren 24ra bitarte izango da, eta 13-14 urtekoentzako sari nagusia eta 15-16 urtekoentzako sari nagusia izango dira; Youtuber Bizkaitarraren Bideorik Onena ere sarituko da. Bi irabazleek Iphone 7 Plus bana jasoko dute, eta Youtuber Bizkaitar Onenak, berriz, GoPro Hero 7 Blac kamera bat.