7 de Apirila de 2020
 
Actualizado 2016/2/23 12:08:02 +00:00 CET

Zabaltegi-Tabakalera lehiazko sail izango da aurrerantzean Donostia Zinemaldian

Rebordinos eta Rodriguez
ZINEMALDIA-TABAKALERA

DONOSTIA, 23 (EUROPA PRESS)

   Zabaltegi, Donostia Zinemaldiaren programazioko "eremu zabala", lehiazko sail izango da aurrerantzean eta Zabaltegi-Tabakalera deituko da. Gainera, Victor Iriarte Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko ikus-entzunezko programen arduraduna Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kide izatera pasa da, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Ane Rodriguez Tabakalerakoak prentsaurrekoan jakinarazi dutenez.

   Aurreko hainbat ediziotatik hona, Zabaltegi urteko zinema proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiaketaz kanpoko saila da, eta ez du izan ez arau formalik, ez gai mugarik. Horrela, Alexander Sokurov, Laurie Anderson, Anca Damian, Joao Salaviza, Eric Khoo, Lav Diaz, Jem Cohen, Cornelio Porumboiu, Walter Salles eta tankera horretako beste sortzaile garrantzitsuen filmak eman dira, baita Bruno Dumont egilearen "P'tit Quinquin" edota Oliver Stone zuzendariaren "The Untold History of the United States" telesailak ere.

   Aurrerantzean, Zinemaldiak eta Tabakalerak sinatutako hitzarmenari esker, Zabaltegi lehiazko sail izango da, eta bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi-Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira. Sari hori 20.000 eurokoa izango da; horietatik 6.000 euro film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainian banatzen duen enpresak.

   Zabaltegi-Tabakalera saria berariaz sortutako epaimahai batek erabakiko du: zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesional izango ditu gutxienez. Hitzarmen honekin, bi erakundeek proiektu zinematografiko bereziak eta harrigarriak sortzea sustatu nahi dute, bai alde narratiboari dagokionez, bai alderdi formaletik erreparatuta. Hala, azken urteetan elkarrekin egiten ari diren lana indartuko dute Zinemaldiak eta Takalerak.

   Halaber, joan den urtarrilaren 1etik, Victor Iriarte Tabakalerako ikus-entzunezko programen arduraduna Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kide da, eta horrela, bederatzi kide izango ditu: Maialen Beloki, Quim Casas, Roberto Cueto, Joxean Fernandez, Jose Angel Herrero-Velarde, Lucia Olaciregui, Ana Esperanza Redondo, Amaia Serrulla eta Víctor Iriarte.