Zinema Euskaraz programak "Jainkoez eta gizakiez" filmaren estreinaldiarekin hasiko du urtea

Actualizado 2011/01/12 12:09:01 CET
Pelikularen kartela
EUSKO JAURLARITZAKO KULTURA SAILA

BILBO, 12 Ene. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak bultzatutako "Zinema Euskaraz" programak "Jainkoez eta gizakiez" ("Des hommes et des dieux") film frantsesaren estreinaldiarekin ekingo dio 2011. urteari, ostiral honetan. Canneseko azken zinemaldian Epaimahairen Sari Nagusia eta Oscar sarietan Frantzia ordezkatzeko hautatutako "Jainkoez eta gizakiez" pelikulak 1990eko hamarkadan Magrebeko mendietan biztanleria musulmanarekin orekan bizi diren zortzi monje zistertarren istorioa kontatzen du.

Fundamentalista islamikoen talde batek atzerriko langile batzuk hil ditu, eta izua eskualde osoan zabaldu da. Armadak babesa eskaini die monjeei, baina haiek uko egin diote. Zer egin beharko lukete? Joan? Geratu? Mehatxua gero eta handiagoa izan arren, gero eta garbiago dute ez dutela aukerarik, geratu egin behar dutela, gertatzen dena gertazen dela.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailetik adierazi dutenez, filmaren oinarrian Tibhirineko (Aljeria) monje zistertar batzuen benetako bizitza dago, 1993tik 1996an izan zuten bahiketara arteko aldian. Istorio txundigarria eta hunkigarria da, sekulako argazkiarekin eta antzezpen bikainekin.

"Jainkoez eta gizakiez" ostiral honetatik urtarrilaren 21era arte izango da ikusgai Gasteizko Guridi, Donostiako Antiguo Berri eta Bilboko Golem Alhondiga zinema-aretoetan.

Halaber, laster salgai jarriko dira beste bi DVD euskaraz: "The A Team" eta "Marmaduke". Elkar dendetan eta merkataritza-gune handietan egongo dira salgai 12,95 eurogatik, "Horton" eta "Ice Age 3" aurreko DVDak bezala.

"ZINEMA EUSKARAZ"

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak "Zinema Euskaraz" delako programa bultzatu du, herritarrei zinema euskaraz ikusteko aukera erraztu, zinema euskaraz eskatzen dutenentzat eskaintza nahikoa bermatzeko aukera bultzatu eta euskara kultura eta gizarte-erabilpeneko hizkuntzatzat sustatzeko asmoz.

Ekimen honen bidez, zinemaren balioak bultzatu eta euskara kulturaren alorreko komunikazio-tresnatzat eta aisia eta denborapasaren alorreko normalizazio-tresnatzat sustatuko duen filmen aukeraketa bat helarazi nahi zaie euskal herritarrei.

Programaren oinarria pelikulen erakustaldia izanik, zinema-aretoetan 20 film euskaraz ikusi, beste 27 DVD formatuan saldu eta www.kulturklik.net eta www.eitb.com webguneetan doako 30 film baino gehiago 'streaming' bidez ikusteko aukera bultzatuko da. Horrez gain, akordioak sinatuko dira udal desberdinekin, film horietako batzuk udal zinema aretoetan pantailaratzeko aukera izan dezaten.

Egitasmoa abian jartzeko akordioa sinatu da EiTB erakunde publikoarekin, filmen aukeraketa eta bikoizketa eta eskubideen kudeaketa koordinatu eta eskaintza hau sustatu eta ezagutzera eman dezan. Gainera, akordioak mamitu dira Vesa, Sade, Golem eta Circuito Coliseo banaketa-enpresekin, Bilbo, Donostia eta Gasteizen dituzten aretoetan film hauek ere programa ditzaten.

Horrela, 2011. urte osoan, "Zinema Euskaraz" programak areto komertzialetan hilero filmak euskaraz estreinatu eta aldizka DVDak merkaturatzeko aukera bultzatuko du. Helburu horri begira, zenbait film euskaraz banatzeko eskubideak negoziatu dira, Berlingo Jaialdiaren 2010eko Film Onenarentzako Urrezko Hartza lortu eta 2010eko Oscarretarako aurreaukeratuta geratu den "Bal" izenburukoa, Harrison Ford protagonista duen "Crossing over" edota "In a better world" filma tarteko direla.