Zozketak, lantegiak eta zinema areto gehiago izango dira Zinegabonak ekimen berrituan

Zinegabonak
ZINEUSKADI
Actualizado: lunes, 17 diciembre 2018 11:06

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Zinegabonak ekimena berrituta itzuliko da aurten zozketekin, lantegiekin eta zinema areto gehiagorekin. Zineuskadi plataformak Euskadiko Zinema Aretoen Elkartearekin (EZAE) eta EiTBrekin elkarlanean antolatzen duen programa abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean ospatuko da: Bilboko Multibox-EiTB aretoan, Donostiako Principe, Iruñeko Golem Baiona, Errenteriako Niessen, Zornotza eta Urruñako Itsas-Mendi zinema aretoetan eta, aurten lehen aldiz, Barakaldoko BECeko Gabonetako Haur Parkean).

Horrela, antolatzaileek jakinarazi dutenez, abenduaren 26an, Multibox-EiTB aretoan hasiko da zinemaren eta aisialdiaren astea "stop motion" delako teknika oinarri izango duen lantegiarekin. Donostian, Errenterian eta Zornotzan ere eskainiko dute lantegia eta, tokiak osatu arte, adin guztietako gazteek parte hartu ahal izateko moduan diseinatuta dago. Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da zazpi urte baino gutxiagokoak heldu batekin batera joatea.

"Stop motion" argazki hartualdi jarraituetan oinarritutako filmatze teknika da. Plano bakoitza aurrekoarekiko zertxobait aldatzen da eta, hala, animazio baten ilusioa sortzen da. Marrazki bizidunetan eta plastilinazko edo material moldagarriekin sortutako panpinekin egindako film laburretan ikus daiteke, adibidez. Teknikaren ezaugarrietako bat da parte hartzaileak ez dakiela emaitza zein izango den amaituta ikusi arte.

Lantegia garatzeko beharrezko materiala Zineuskadik eskainiko die parte hartzaileei zinema aretoan bertan. Lantegien prezioa filmetako berbera izango da: saio bakoitzeko euro bat.

GABONETAKO HAUR PARKEA

Bestalde, aurten, Zinegabonak programa zabaldu egingo da arratsaldeko ordutegian (18:00), Barakaldoko BECen egin ohi den Gabonetako Haur Parkean eskainiko diren filmekin. "Zikoinak" (abenduak 22 eta urtarrilak 3) eta "Batman Lego" (abenduak 23 eta urtarrilak 4) diar hautatuko bi filmak, biak ere Warner Bros. Animation-ek ekoitziak. Saioak doakoak izango dira egun berean Gaionetako Haur Parkeko sarrera aurkeztuta.

Gainerako programazio zinematografikoari dagokionez, familia osoarentzako filmak direla nabarmendu du antolakuntzak. Hala, adin ezberdinetako ikusleek aisialdiaz euskaraz gozatu ahal izango dute film hauekin: "Maya Erlea: ezti-jokoak" (Australia, 83'), "Harpetarra" (Erresuma Batua, 90'), "Albert" (Danimarka 80'), "Richard Zikoina" (Alemania, 80'), "Sagu eta Pagu" (Turkia, 88'), "Igelen Erresuma" (Txina, 86'), "Leo Da Vinci: Mona Lisa Misioa" (Italia, 120'), "Axel heroi txikia" (Txina, 80'), "Iparraldeko Norman" (AEB, 66') eta "Olentzero eta Amilaren sekretua" (Euskal Herria, 70').