Zubererazko argitalpenak gizarteratzeko hitzarmena sinatu dute Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak

Jean Mixel Bedaxagar eta Jean-Baptiste Coyos
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: martes, 28 junio 2022 18:20

BILBO, 28 (EUROPA PRESS)

Sü Azia elkarteak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena izenpetu dute astearte honetan lehen aldiz, zubererazko argitalpenak euskal gizartearen esku jartzeko helburu nagusiarekin.

Jean Mixel Bedaxagar Sü Azia elkarteko presidentea eta Jean-Baptiste Coyos Euskaltzaindiaren buruorde eta Ipar Euskal Herriko ordezkaria Maulen elkartu dira bi erakundeen arteko lankidetza asmoa hezurmamitzeko, Euskararen Akademiatik jakinarazi dutenez.

Sü Azia elkartea 1979an sortu zen Zuberoaz eta zubereraz agertu edo eginik izan diren lanak biltzeko eta ezagutarazteko. Elkarteak Zuberoan egiten duen lana bat dator Euskaltzaindiak lurralde guztietan euskararen alde garatzen duen lanarekin.

Lehen hitzarmenean, hiru xede nagusi agertu dituzte bi erakundeek. Alde batetik, 2021ean zendutako Allande Socarros euskaltzain urgazlearen omenezko liburua elkarlanean argitaratuko dute: 'Allande Socarros. Euskal idazlan eta lekukotasunak'.

Bestalde, 1887 eta 1914 artean agertu ziren Zuberoako almanakaren zenbaki guztiak (27 zenbaki) digitalizatu eta Euskaltzaindiaren eta Sü Aziaren webguneetan kontsultagai jarriko dira: 'Ziberoko Egünaria (1887-1914)'.

Hirugarrenik, 1989an agertu zen Junes Casenave-Harigileren 'Hiztegia I Français-Eüskara Züberotar eüskalkitik' berrargitaratu eta Euskaltzaindiaren webgunean bertsio digitalizatua agertuko da.

Maule-Lextarren egin den izenpetze ekitaldian pozik agertu dira bi erakundeetako ordezkariak, "Zuberoatik, zubereraz euskararen aberastasuna eta ezagutza elikatzen jarraitzeko elkarlana garatzea eta indarrak metatzea ezinbestekoa delako".

Ildo horretan, Jean Mixel Bedaxagarrek Allande Socarrosen omenezko liburuaren garrantzia azpimarratu du, bai eta berak utzitako itzala ere: "Hainbeste lan egin du Allandek, trebea zen gai anitzetan, jakitate handia zuen eta oroz gainetik zuberera maite zuen eta bazekien zubereraz ongi izkiriatzen (...). Allande zutabe bat zen eta behar dugu haren ildotik aitzina joan. Liburu honekin, gazteek jakingo dute non-zer ikasi, betiere euskara aitzina joan dadin".

Jean-Baptiste Coyosek bat egin du Bedaxagarren hitzekin: "Lehen aldiz izenpetzen dugu hitzarmen hau Su Äzia elkartearekin, eta ikusiko da datorren urtean zer eginen dugun, baina jadanik badugu zer egin, beti Allande Socarros gogoan izanik".