Zurrunbilo euskarazko arte eszenikoen jaialdia maiatzaren 14tik 16ra ospatuko da, Gasteizen

Jon Ander Urresti aktore bermeotarra.
ZURRUNBILO
Actualizado: martes, 20 abril 2021 15:52

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

Zurrunbilo euskarazko arte eszenikoen jaialdiaren seigarren edizioa ospatuko da aurten, maiatzaren 14tik 16ra bitarte, Gasteizen. Bost proposamen eszenikok eta hausnarketarako topaketa batek osatuko dute egitaraua. Euskarazko sorkuntza eszeniko garaikideari "denbora eta lekua eskainiz" prestatu dute aurten ere Zurrunbilo, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

"Jaialdi honen helburua bikoitza da: euskaraz lan egitearen aldeko apustua egiten duten artista eta konpainiei laguntzea, eta euren sorkuntzak ohiko ikusleei eta, inoiz parte hartu ez duten arren, horretarako jakin-mina duten pertsonei hurbiltzea", adierazi dute Baratza aretoko arduradunek.

Hain zuzen, Baratza aretoa izango da jaialdiaren egoitza nagusia. Bertan hasiko da, maiatzaren 14an, 19:00etan, Patricia Urrutia aktoreak sustatutako BenetanBe konpainiaren 'Porno vs. Afrodita' ikuskizunarekin. Biharamunean, maiatzaren 15ean, ordu berean, Jone Bengoa aktore gasteiztarrak 'Kabia' aurkeztuko du, eta ondoren, Jon Ander Urresti bermeotarrak 'Tribiz, baserri galdue' antzerki dokumentala eskainiko du.

Zurrunbilo jaialdiaren azken jardunaldian, maiatzaren 16an, 18:30etik aurrera, bi proposamen izango dira: Ixiar Rozazen eta Ibon RGren 'Unisono-a' eta Muskulo talde oiartzuarraren esperimentazio proiektua.

Proposamen eszenikoez gain, Oihaneder Euskararen Etxera ere iritsiko
da Zurrunbilo, eta maiatzaren 15ean, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik
18:30era, profesionalei eta interesdunei zuzendutako 'Belaunaldi berriak eta etorkizuna' izenburuko topaketa izango da. Etorkizuna izango da landuko den gaia, belaunaldi berrien ikuspegitik.

Arratsaldean, digitalizazioa orainaren eta etorkizunaren parte dela ulertuta, gizartean eta arte eszenikoetan duen eraginari buruzko mahai ingurua sortuko da, sareko tresnen bidez lanerako bide berriak aztertzeko.

SARRERAK

Zurrunbilo jaialdiaren ikuskizun guztietarako sarrerak salgai daude jada Baratza aretoaren webgunean. Sarrera aurreratuak 7 euroko prezioa du (9 euro txarteldegian), eta jaialdi osorako bonuak 18 eurokoa. Sarrerak erosteko, Arabako Foru Aldundiak bultzatutako Kultura Bonua erabil daiteke.

Era berean, topaketan izena emateko aukera ere zabalik dago. Sarrera doan da, aldez aurretik izena emanda reservas@salabaratza.com helbidean, eserlekuak bete arte.

Era berean, ikusleen, sortzaileen eta lantaldearen segurtasuna bermatzeko, Baratza aretoak covid-19aren aurreko protokoloaren arabera lan egiten jarraitzen du. Protokolo horrek neurri hauek hartzen ditu barne: edukiera mugatua, maskararen nahitaezko erabilera, sarrera eta irteera mailakatuak, hall-aren eta barraren aldi baterako itxiera, eta espazio komunen desinfekzioa eta garbiketa indartzea.