Bisiguaren V. Festa Ospatuko da Orion (Gipuzkoa) uztailaren 19tik 22ra

Bisiguaren Festa izango da bosgarrenez Orion
Europa Press
Actualizado: martes, 3 julio 2012 19:18

DONOSTIA, 3 Jul. (EUROPA PRESS) -

Oriok (Gipuzkoa) Bisiguaren Festaren bosgarren edizioa ospatuko uztailaren 19tik 22ra bitartean, eta Udalak astearte honetan aurkeztu du Donostiako Portuko lonjan.

Aurkezpen ekitaldian Beñat Solaberrieta Orioko alkatea, udal ordezkariak eta hiru parrilleroak izan dira egitaraua aurkezten, baita Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendaria eta Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendaria ekitaldia babesten.

Solabarrietak adierazi duenez, jaialdi gastronomikoaren helburua "oriotarrei eta gure herrira gerturatzen diren guztiei bisigua prezio erakargarrian jateko aukera ematea da. Eta horretaz gain, herriko eragile ezberdinekin elkarlanean antolatu ditugun ekitaldiekin aisialdirako aukera ematea".

Lau egunetan 500 bisigu erreko dituztela iragarri du. Aurreko edizio guztietan bezala, Joxe Miel Zendoia -Katxina jatetxea-, Luis Mari Uranga -Xixario jatetxea- eta Mikel Manterola -Joxe Mari Erretegia- ariko dira lan horretan.

Joxe Miel Zendoiak, beste bi parrilleroen izenean, Bisiguaren Festa goraipatu du. "Onuragarria da bai herriarentzat eta baita herriko ostalariontzat ere. Orion aspaldikoa da bisigua erretzeko ohitura, eta inguruko herrietatik jende asko etortzen da gure jatetxeetara bisigua jatera. Horri eustea garrantzitsua da eta zentzu horretan iruditzen zait Bisiguaren Festak bultzada handia ematen diola", esan du.

Jarraian, bisigua erretzeko Orio Estiloaren berri eman du. Sukaldarien hitzetan, berezitasuna bisiguak erretzeko moduan dago: "Orion ez dugu besugerarik erabiltzen, bisiguak zabaldu eta parrilara botatzen ditugu". Prentsaurrekoan bisiguak Orio Estilora nola erretzen diren azaldu dute, eta ez bakarrik hitzez, bisiguak erre baitituzte kazetarien aurrean.

Horrela, egun horietan bisigua izango da protagonista Orion, baina protagonismo konpartitua izango da otorduekin batera egun horietarako antolatu diren ekitaldiekin. Ekitaldi horiek antolatzen herriko eragileen inplikazioa eta laguntza izan dutela nabarmendu du alkateak, eta zentzu horretan, aurreko urteko filosofi bera mantentzeko apustua egin dutela azpimarratu du.

"Herritarrekin elkarlanean aritu gara. Herritarrak festan inplikatuta ikusi nahi ditugu eta horretarako ezinbestekoa da festaren antolaketan inplikatzea", azaldu du.

Guztien artean antolatu duten egitarautik honako hauek nabarmendu ditu alkateak. Batetik, gastronomiarekin lotura daukatenak: pintxo txikiteoa (uztailaren 19an, iluntzea), marmitako dastatzea (uztailaren 21ean, eguerdian, 1.200 razio banatuko dira 1,5 eurotan), bisigu lehiaketa (uztailaren 21ean, eguerdian) eta hegaluze dastatzea (uztailaren 22an, eguerdian, beste 1.000 razio banatuko dira 1,5 eurotan). Halaber, uztailaren 21ean Mus Ikurrinaren lehenengo edizioa eta uztailaren 22an Bisiguaren Bandera izango direla gogoratu du.

Antolakuntzan parte hartu duten guztiei eskerrak eman ondoren, gipuzkoarrei uztailaren 19tik 22ra Oriora gerturatzeko gonbidapena luzatu die: "Orioko ateak zabalik dauzkagu bisigua jatera gerturatu nahi dutenentzat edo asteburu pasa antolatu ditugun ekitaldiekin gozatu nahi dutenentzat".

Orioko plazan bisigua jateko txartelak erosteko aukera zabalik dago oraindik. Erreserbak 943 83 09 04 telefono zenbakian egin behar dira, 10:00etatik 13:00ak arte eta 16:00etatik 18:00ak arte. Salneurria 45 euro da. Menua aurreko urteetako bera izango da eta bost platerek osatuko dute: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan eta postrea. Menuaren barruan edaria eta kafea sartzen dira.

EUSKADIKO ARRANTZA AZOKAK

Orioko Bisigua Festa Euskadiko Arrantza Azoken barnean dago -Mutrikun Berdel Eguna, Ondarroan Antxoa Egune, Bermeoko Arrantza Azoka, Getariako Antxoa Eguna, Zumaiako Olarro Eguna, Zierbenako Itsaski Azoka eta Lekeitioko Txipiroiaren Jardun Gastronomikoa bezala-.

Jokin Diaz Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura zuzendariak azaldu duenez, halako azokak oso garrantzitsuak dira "gastronomiaz haratago arrantza mundua gizarteratzen laguntzen dutelako". Urtero 300.000 pertsona joaten dira halako azoketara, "arrantza sektorean lanean jarduten duten langileen lana aitortzera".

Egun, 2.300 pertsonek egiten dute lana itsasoan, eta beste 7.000 lanpostu daude lehorrean arrantza sektorearekin lotuta. Euskal Autonomi Erkidegoko arrantza sektorearen erradiografia eginez gero, 266 ontzik osatzen dute euskal arrantza flota. Horietako 212 baxurakoak dira, 27 alturakoak, hiru bakailao-ontziak eta beste 24 atun ontziak.

Joxe Mari Aizaga Basque Culinary Centerreko zuzendaria ere Bisigu Festaren aurkezpenean izan da. Bere hitzetan, Bisigua Festa eta antzeko ekimenak oso garrantzitsuak dira "gure gastronomia indartzeko eta biziberritzeko", eta sukaldaritza tradizionala zaindu beharraz ohartarazi du "euren lanari esker iritsi baita euskal gastronomia dagoen tokira".