Ikergazte biltzarrak euskarazko zientzia produkzioa areagotzea bilatuko du 2017ko maiatzean Iruñean

Iazko biltzarraren irudi bat
UEU
Actualizado: miércoles, 14 diciembre 2016 13:09

BILBO, 14 (EUROPA PRESS)

Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) "IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz" biltzarraren bigarren edizioa antolatuko dute elkarlanean Iruñean, 2017. urteko maiatzaren 10, 11 eta 12an, eta ekarpenak bidaltzeko epea irekita dago, otsailaren 28ra arte, Iruñean eginfdako aurkezpenean azaldu dutenez.

Iñaki Alegria UEUko zuzendariak, Imanol Nuñez NUPeko Hizkuntzen goi mailako institutuko zuzendariak, Olatz Perez de Viñaspre IXA taldeko ikertzaileak eta Patxi Salaberri NUPeko katedradun eta biltzarreko arduradunak parte hartu dute.

Aurkezpenean adierazi dutenez, ekimenaren helburuak ikerlari euskaldunen ikusgarritasuna areagotzea, beraien arteko ezagutza sustatzea eta euskarazko zientzia produkzioa areagotzea dira. Horretarako, hitzaldi orokorrak, ahozko aurkezpenak eta posterrak, eta tailerrak egingo dira.

Hitzaldi orokorrak parte hartzaile guztien interesekoak izango dira, ikerketari orokorrean, euskarazko ikerketari edo baliabide orokorrei lotutakoak. Ahozko aurkezpenak eta posterrak ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira, eta tailerrak jakintza arloen arteko harremanak lantzeko tresna izango dira, mahai inguru, ekintza praktiko zein hitzaldi motakoak.