Abangoardiako sukaldaritza tekniketan espezializatzeko online ikastaroa eskainiko du Basque Culinary Centerrek

Basque Culinary Center
BCC - Archivo
Publicado: lunes, 18 marzo 2019 10:34

DONOSTIA, 18 Mar. (EUROPA PRESS) -

Sektoreko espezialistei zuzendutako "Abangoardiako Sukaldaritza Teknikak" izeneko espezializazio ikastaroarekin abiaraziko du Basque Culinary Centerrek prestakuntzako online eskaintza. Irakaskuntza eredu berritzaile, interaktibo eta kalitatezko bat du oinarrian, eta aurrez aurreko prestakuntzaren esperientzia ingurune digitalera eramaten du.
Ikastaroa maiatzean hasiko da, eta bost hilabeteko iraupena izango du.

Bedre arduradunek jakinarazi dutenez, ikastaroa osorik egin ahal izango da, 225 eskola orduak beteta, edo gai independenteen arabera. Ikastaroa profesionalei zuzenduta dago, abangoardiako produktu eta tekniken inguruko ezagutzak barnera ditzaten, Basque Culinary Centerren irakaskuntza metodologiaren muina diren berrikuntzaren eta sormenaren ikuspuntutik, betiere.

Espezializazio ikastaroa osorik diseinatu da sareko prestakuntzarako. Eduki eta jarduerak hainbat gailutan erabiltzeko prestatu dira, ikasleak prestakuntza bere beharren eta denboraren arabera moldatzeko aukera izan dezan.

Ikus-entzunezko edukiek modu argian erakutsiko dituzte teknika eta aplikazioen urrats guztiak. Adituek emandako klase magistralak eta showcooking saioez gain, astero, zuzeneko eskolak ere eskainiko dira, Basque Culinary Centerreko irakasleen eskutik. Jarraipen pertsonalizatuari eta eskainitako jarduerei esker, sukaldaritza teknika aurreratuenak arrakastaz aplikatzen ikasiko dute ikasleek.

Abangoardiako sukaldaritza teknikei buruzko lehen ikastaro osatu honek bost gai eta amaierako proiektu bat biltzen ditu, non ikasleak bere sorkuntza propioak garatu beharko dituen, sukaldaritzaren eboluzioa sustatzeko. Hauek dira landuko diren gaiak: Abangoardiako produktuak, Aplikazio garaikideak, Kriosukaldaritza, Presio sukaldaritza eta Hartzidurak.

EGINEZ IKASI

Ikastaroa garatzeko metodologia eginez ikastearen filosofian oinarritzen da, eta guztiz aplikagarriak diren sukaldaritzako jarduerak eta erronkak planteatzen ditu. Tutore batek gainbegiratuko ditu, hura arduratuko baita prestakuntzaren jarraipena egiteaz eta ikasle bakoitzari feedback pertsonalizatua emateaz. Era berean, ariketen alorrean hainbat aukera eskainiko dira, produktuei dagokienez, ikasle bakoitzaren bitarteko eta beharrei egokitzeko asmoz.

Online prestakuntzari eta teknologia berriei esker, Basque Culinary Centerrek aukera ematen die profesionalei beren prestakuntza gastronomikoa osatzeko, eduki eta ikastaro espezializatuen bidez.

2011n sortu zenetik, Basque Culinary Centerren helburua gastronomian eta elikaduran goi mailako prestakuntza ematea eta bi horiek ikertu, berritu eta sustatzea da. Mundu mailako erakunde akademiko aitzindaria da, eta barnean hartzen ditu Mondragon Unibertsitateari atxikitako Gastronomia Zientzien Fakultatea eta Basque Culinary Center Innovation izeneko Berrikuntza eta Ikerketa Zentro bat.