Abiatu da 23. Korrika

Irungo Bidasoa AEK euskaltegiko irakasleek hasi dute 23. Korrika.
AEK-KORRIKA
Actualizado: jueves, 14 marzo 2024 16:24

DONOSTIA, 14 (EUROPA PRESS)

Irungo (Gipuzkoa) San Juan plazatik atera da ostegun honetan 23. Korrika, 'Harro herri' lelopean, eta, 11 egunez Euskal Herri osoa zeharkatu eta 2.700 kilometro egin ondoren, Baionan amaituko da, martxoaren 24an.

AEKren hainbat eledunek egin dute lasterketaren hasiera ekitaldia, Maddi Sanz arpa jotzaileak eta Koldo eta Xabi Sorzabalbere txalapartariek lagundurik. Behin mezua lekuko barruan sartuta, 16:00etan abiatu da Korrika, eta lehen kilometroa Irungo Bidasoa AEK euskaltegiko irakasleek egin dute, plaza gainezka zegoela.

Lehenbiziko egunean, Gipuzkoa eta Lapurdi artean ibiliko da, eta lurralde horretan 17:00ak pasatxo sartuko da, Hendaiatik. Hala, Lapurdin emango du lehenbiziko eguna, eta bertan egongo da ordu txikiak arte, Nafarroa Beherean murgildu arte, Donoztiritik. Gau berean, Zuberoara igaroko da eta, bertako hiriburua zeharkatu ondoren, berriro itzuliko da Nafarroa Beherera.

Ostiralean, martxoaren 15ean, Nafarroara egingo du jauzi 23. Korrikak Azkarate herritik, eta bertan emango du asteburu osoa. Bortzirietatik hasita, Pirinioak izango ditu helburu, eta handik hegoaldera egingo du, Iruñera 17:15ean heltzeko. Hiriburua utzita, Erriberako norabidea hartuko du; gero, iparralderantz egin eta, Lodosa zein Lizarra atzean utzita, Arabako lurretan sartuko da Mendialdetik.

Beraz, martxoaren 18an Araba aldez alde zeharkatuko du, eta Gasteizera 19:30ean ailegatuko da. Hala, 22:00etan, Arabako hiriburuko alde zaharraren txanda izango da Korrikari harrera egin eta jarraipena emateko. Ondoren, Lautadara abiatuko da, 02:00etan Agurain herriburura helduta. Ordurako martxoak 19 izango da, eta egun horretako egunsentiarekin batera utziko du Korrikak Araba, Nafarroako Sakanan sartzeko, Ziorditik; Altsasu, Bakaiku, Etxarri Aranatz edota Irurtzunen eskuz esku ibiliko da lekukoa, eta Gipuzkoa izango da hurrengo herrialdea.

Leitza eta Goizueta atzean utzirik, Hernanitik sartuko dira korrikalariak 20:20 aldera. Hortaz, aurreikuspenek kale egin ezean, martxoaren 20a izango da lasterketa Gipuzkoako kostaldera heltzerako, eta 00:00ak aldera iritsiko da itsasertzera: Oriora helduta egongo da, ondoren Zarautz eta Zumaiara jarraitzeko asmoz.

Debagoiena izango da hurrengo helmuga, handik Debabarrenera jarraitzeko (Bergara, Elgeta, Eibar, Elgoibar). Goiz osoa Gipuzkoan eman eta gero, Mutrikuk aterako da Korrika Gipuzkoatik, 14:11n.

BIZKAI

Bizkaiko kostaldetik asko aldendu gabe ibiliko da ondoren, Ondarroa, Lekeitio eta Elantxobetik igaroz, Gernikan 23:04an agertu arte. Itsasaldetik berriro ere gehiegi urrutiratu barik, martxoak 21 izango da Bermeora heldutakoan, 01:31n. Egun horretan bertan iritsiko da Bilbora, 16:59an. Ondoren, Ezkerraldea zeharkatu eta, gerora, Meatzalderantz joko du, non 23:15 eta 02:00 bitarte ibiliko den.

Martxoaren 22a ere Bizkaian emango du Korrikak, nahiz eta une batez Araban sartuko den, Artziniega eta Aiaraldea bisitatzeko. Otxandio izango da Bizkaiko azken herria, dagoeneko martxoaren 23an, 00:12an. Asteburua helduta, iparralderantz joko du beste behin, Goierritik igarota, Donostiara 19:22an heltzeko.

23. Korrikaren azken orduak Gipuzkoatik Lapurdirako bidean izango dira, Nafarroara zertxobait sartuta (Oiartzun, Lesaka, Bera, Sara, Senpere, Biarritz, Angelu). Igandeko gau eta goizean zeharkatuta, Baionara iritsiko da azkenik, 12:30 aldera. Mezua irakurriko dute ondoren, eta amaierako jai handia 13:30etik aurrera dago aurreikusia.

APLIKAZIOA

Korrikaren aurtengo nobedadeen artean, gailu mugikorretarako aplikazioa da aipagarriena, aurreko ediziotik hona, guztiz eraberrituta baitator. Hainbat atal berri ditu; adibidez, Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen artean egiten diren zozketak eta irabazleak erakusten dira bertan.

Ibilbideari lotuta, aplikazioak beste inon baino lehenago ikusteko aukera eskaintzen du, bai eta Koprrika zuzenean jarraitzekoa ere: furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika aurrerapenez ala atzerapenez datorren, hots, aplikazioaren erabiltzaileek une oro egiaztatu ahal izango dute nondik dabilen lasterketa. Horri lotuta, aplikazioak bilatzaile aurreratua du, erraz ikusi ahal izateko non dagoen edozein herri, eskualde edo kilometro.

Azkenik, aplikazioak aukera ematen du Korrikaren inguruko jakinarazpen eta eta jakingarri garrantzitsuenen berri jasotzeko -orain arteko gertaerak, aurkezpena, abestia, ibilbidea eta abar-. iOS zein Android bertsioentzat dago eskuragarri, eta lasterketa bitartean gerta litekeen edozein gorabeherari buruz ere informatuko du.