Adimen artifizialak ikerkuntzan duen eragina aztertuko dute urriaren 23an Eibarren

'Adimen Artifiziala Ikerkuntzan: Fisika Eta Ingeniaritzako Esperientziak' Jardunaldia
UEU
Europa Press País Vasco
Actualizado: jueves, 15 octubre 2026 14:57

DONOSTIA 15 (EUROPA PRESS)

UEUren Fisika sailak 'Adimen artifiziala ikerkuntzan: fisika eta ingeniaritzako esperientziak' jardunaldia egingo du urriaren 23an Eibarko (Gipuzkoa) Markeskoa Jauregian, eta, adimen artifizialak ikerketan sortu dituen erronkez eztabaidatzeaz gain, esperientziak bildu eta euskal fisikari eta ikertzaileak elkartzeko, ideiak partekatzeko eta elkarren esperientziak ezagutzeko parada izango da. Matrikula zabalik dago www.ueu.eus webgunean.

Topaketaren aurkezpena ostegu honetan Idoia Torregarai Martija UEUko komunikazio arduradunak eta Edorta Carrascal Lekunberri eta Iñigo Gonzalez de Arrieta Martinez UEUko Fisika saileko koordinatzaileek.

Torregarai Martijak aditu euskaldunentzat foroak sortzea garrantzitsua dela azpimarratu du bere hitzaldian. "UEUk jardunaldien bidez hiru helburu lortu nahi ditu: lehena, goi mailako kalitatezko euskarazko formazioa eskaintzea da; bigarrena, eskaintza hori gure tokian tokiko gizarteak dituen beharrekin uztartzea, eta hirugarrena, ezagutza hori partitzeko foroak eskaintzea. Gaur aurkezten ari garen jardunaldia helburu horien adibide ezin hobea da, eta biziki eskertzen dut UEUko Fisika sailak prestatu duten egitarau oparoa", azaldu du.

Bestalde, Carrascal Lekunberrik eta Gonzalez de Arrieta Martinezek adierazi dute adimen artifiziala aukeratu zutela "interes orokorreko gaia" eta "gure eguneroko lanean gero eta gehiago erabiltzen dugun tresna" delako, baina aitortu dute ikerkuntzaren esparruan oraindik ere "aukera, zalantza eta erronka ugari" daudela bere inguruan.

PRIBATUTASUNA

Jardunaldiaren antolatzaileek azpimarratu dute adimen artifizialak jartzen dituen erronkak ugariak direla, esaterako, pribatutasuna: "Nola ziurta dezakegu adimen artifizialaren laguntzaz sortu dugun ideia originala dela eta ez dela, konturatu gabe, beste norbaiten lanaren plagioa?".

Antolatzaileen esanetan, gai hori lotuta dago lizentzien arazoarekin ere, izan ere, "baliteke adimen artifizial batek egile eskubideek babestutako lanak irakurtzea". Kontuan hartu behar da zerbitzari asko Europatik kanpo daudela, eta horrek datuen kontrolari eta informazioaren babesari buruzko galderak sortzen ditu.

"Jardunaldian erronka horiek aztertu nahi ditugu, batez ere adimen artifizialaren arloko adituen ikuspegitik. Azken finean, utopiaren eta distopiaren arteko muga non dagoen ere galdetu beharko diogu geure buruari", azaldu dute.

Azkenik, jardunaldi hau euskal fisikari eta ikertzaileok elkartzeko, ideiak partekatzeko eta elkarren esperientziak ezagutzeko topagune bat izatea nahi dute, komunitate bat elkartzeko eta etorkizuneko elkarlanak sustatzeko.

Contador

Últimas noticias sobre estos temas

Contenido patrocinado