Adingabeei arreta emateko 116111 'Zeuk esan' telefono zerbitzua eguneko 24 orduetan dago operatibo ostegun honetatik

116111 'Zeuk Esan' Telefono Zerbitzua
IREKIA
Publicado: jueves, 2 mayo 2024 9:04

BILBO, 2 May. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzak haurrei eta nerabeei arreta emateko 'Zeuk esan' zerbitzua indartu du. Adingabeei eta horien inguruko helduei informazioa, orientazioa eta aholkularitza eskaintzen dien zerbitzua 116111 telefono zenbakiaren bidez ematen da nagusiki, eta "eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan" dago operatibo ostegun honetatik, maiatzaren 2tik.

"Adingabeei zuzendutako baliabidea da, baina inguruan gauden pertsona helduak ere artatzen ditu: amak, aitak, beste senide batzuk eta profesionalak, rakasleak, jarduera ludikoetako begiraleak, medikuak eta beste batzuk. Zerbitzu baliagarria eta arina da, eta 2023an bakarrik 1.625 kontsultari erantzun zien", azaldu zuen joan den astean Nerea Melgosa Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarteko Politiketako jarduneko sailburuak.

'Zeuk esan' zerbitzua haurrekin eta nerabeekin zerikusia duten gaietan espezializatutako profesionalek osatzen dute, eta orientazioa, aholkularitza eta informazioa ematen ditu. 116111 telefono zenbakira egiten diren deiak doakoak dira, eta ez dute arrastorik uzten fakturan. 116111 telefonoaz gain, zerbitzuak beste komunikazio kanal batzuk ere baditu: 'newsletter' bat, web orri bat (www.euskadi.eus/zeukesan) eta sare sozialetako profilak.

Bada, ostegun honetatik aurrera, telefonoak eguneko 24 orduetan emango du zerbitzua. Telefonoaren beste aldetik, psikologoek edo gizarte hezitzaileek adingabeei eragiten dieten era guztietako egoerei erantzungo diete, haiekin harremanetan jartzen direnak adingabeak izan edo horien inguruko pertsona helduak izan.

2023KO DATUAK

'Zeuk esan' zerbitzuak 1.248 pertsonak egindako 1.625 kontsulta artatu zituen 2023an. Pertsona horien %56 adingabeak izan ziren (697), %40 gertuko pertsona helduak (496) eta %4 profesionalak (55).

Adingabeen artean, kontsulta gehien 16 eta 18 urte bitartekoek egin zituzten (525, %72), eta nesken eta mutilen arteko proportzioa antzekoa izan zen (%51 gizonezkoak izan ziren). Helduen artean, eskaeren %61,5 gurasoek egin zituzten (339).

Gaiei dagokienez, adingabeek aipatu zituzten gaiak, besteak beste, ondoez psikologikoa (%35), berdinen arteko harremanak (%18) edo familia harremanak (%14) izan ziren; helduek, berriz, familia harremanei (%22), 'Zeuk esan' zerbitzuari (%18), ondoez psikologikoari (%15), berdinen arteko jazarpenari (%13) eta beste hainbat gairi buruzko kontsultak egin zituzten.

Contador