AEK-k 21. Korrikaren ibilbidea aurkeztu du

21. Korrikaren Ibilbidea
AEK
Actualizado: miércoles, 9 enero 2019 12:23

   BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   AEK-k asteazken honetan ezagutarazi du 21. Korrikaren ibilbide osoa. Jakina denez, edizio honetan, euskararen aldeko herri lasterketa erraldoia apirilaren 4an irtengo da, Garestik eta, hamar egunez Euskal Herri osotik igaro ostean, Gasteizen amaituko da, apirilaren 14an.

   Horrela, ohi bezala, aurreko Korrika amaitu zen herrialde berean hasiko da aurtengoa: Nafarroan. Gares izan da lasterketari irteera emateko AEK-k aukeratutako herria. Bertatik abiatuko da mezu sekretua daraman lekukoa apirilaren 4an, arratsaldeko 17:00etan. Hurrengo hiru egunetan, Nafarroako hegoaldean ibiliko da lasterketa, eta apirilaren 6ko iluntzean ibilbidearen lehen hiriburura helduko da: Iruñea.

   Apirilaren 7an beste hiru hiriburutik pasako da Korrika, Donibane-Garazi, Maule eta Baionatik, hurrenkera horretan, eta 8an, goizeko ordu txikietan, Gipuzkoan sartu-irtena egin ondoren, Lapurdi eta Nafarroara sartuko da berriro.

   Apirilaren 9an, Nafarroa eta Araba artean sigi-saga ibili ondoren, lasterketa iparralderantz abiatuko da, Bizkaian sartu eta Ibaizabal zeharkatzen harrapatuko du apirilaren 10eko gauerdiak. Hilaren 11n, 12:00ak aldera iritsiko da Korrika Bilbora eta, Bizkaian barna bide apur bat egin ostean, kostaldetik jarraituko du bidea.

   Apirilaren 12an eta 13an, nagusiki Gipuzkoan izango da lasterketa (Donostiatik pasako da hilaren 12ko arratsaldean), eta hegoaldetik sartuko da Bizkaian berriro, bederatzigarren eguna Otxandion amaitzeko.

GASTEIZ

   Euskal Herriko herrialde guztiak ukituak izango ditu Korrikak ordurako, baina azken eguneko txanpa faltako zaio: ekialdera joko du lehenik, Arrasatetik Gipuzkoan berriro sartu eta hortik hegoaldera egingo du, lekukoa eskuz esku pasatuz apirilaren 14ko eguerdian helmugara ailegatu arte: Gasteiz. Mezuaren irakurketa eta amaierako jai handiaren hasiera eguerdiko 12:30erako aurreikusita dago Andre Maria Zuriaren plazan. Ibilbide osoa herrika eta eskualdeka dago ikusgai www.korrika.eus webgunean.

   Korrikaren 21. edizioa egingo dute aurten, "Klika" lelopean. AEKtik jakinarazi dutenez, kilometroak erreserbatzeko aukera datorren astelehenean zabalduko da, urtarrilaren 14an. Interesdunek Korrika bulegoekin harremanetan jartzea besterik ez dute, kilometro zehatza gorde eta AEKren euskaltegien aldeko diru ekarpena egiteko.

   Harremanetarako bideak ondoko hauek dira: Araba, 946 464 000 eta araba@korrika.eus; Bizkaian, 946 464 000 eta bizkaia@korrika.eus; Gipuzkoa, 946 464 000 eta gipuzkoa@korrika.eus; eta Iparraldea, 05 59 25 76 09 eta iparraldea@korrika.eus.