AEK eta 'Aizu!' aldizkaria aurten ere izango dira Durangoko Azokan

'Aizu!' Aldizkariaren Azken Zenbakiaren Azala.
AEK
Actualizado: martes, 1 diciembre 2020 12:21

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

AEK-k eta 'Aizu!' aldizkariak aurten ere hartuko dute parte Durangoko Azokan, abenduaren 4tik 8ra bitarte. Jakina denez, Azokaren 55. edizioa guztiz eraldatua dator pandemiaren eraginez, eta www.durangokoazoka.eus webgunean sareko denda sortuko da lehen aldiz, eta hori izango da salerosketa gune bakarra aurten. Bada, azokazaleek bertan eskuratu ahal izango dituzte AEKren eta 'Aizu!' aldizkariaren eskaintza guztiak.

AEKren arduradunek jakinarazi dutenez, 'Aizu!' aldizkariari dagokionez, edizio honetan salmenta beste modu batean egingo denez, erosleak aldizkariaren azken bi aleak eskuratzeko aukera izango du: bost euro, 451. eta 452. zenbakiak (abendukoan, Izaro abeslaria da elkarrizketatu nagusia).

Gainera, harpidetza bi eratan egin ahal izango da. Alde batetik, harpidetza murriztua (lau zenbaki, hamar euro), berariazkoa, batik bat, aldizkaria ezagutzen ez dutenentzat; eta bestetik, urteko harpidetza (hamar zenbaki, 23 euro). Eskaintza guztiek izango dute beherapena Durangoko Azokan, aldizkari batek 3,10 euro balio baitu. Gainera, harpidetzaren bat egiten dutenek (murriztua zein urte osokoa) Izaroren azken disko sinatuaren zozketan parte hartuko dute.

Bestalde, www.durangokoazoka.eus webgunean izango den AEKren "erakusmahai birtualean", 'Primeran!' langai didaktikoak ere aurkituko ditu bisitariak.

Helduen euskalduntzean aurrez aurreko eskuliburu edo klaseko material modura erabiltzeko pentsatuak, bost elementu ditu B1 mailako unitate bakoitzak: ikaslearen liburua (ikasleak ikasgelan burutu beharko dituen jarduera nagusiak egiteko materiala), ikaslearen lan koadernoa (ikasgelan burutzeko jarduera osagarrien zerrenda eta materialak), irakaslearen liburua edo gida, ikus-entzunezkoen DVDa, eta lan koaderno digitala (klaseko programazioaren online osagarria).