AEKren 'Aizu!' aldizkariak 40 urte beteko ditu Durangoko Azokan

Durangoko Azokan aurkeztuko den 'Aizu!' aldizkariaren alearen azala.
AEK
Actualizado: lunes, 29 noviembre 2021 16:14

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

AEKren 'Aizu!' aldizkariak 40 urte beteko ditu aurtengo Durangoko Azokan, 1981eko abenduko Durangoko 16. Disko eta Liburu Azokan aurkeztu baitzuten 0. zenbakia. Urteurrenaren harira, zenbaki berezia prestatu du euskara ikasleentzat propio argitaratzen den aldizkariak, eta Azokan aurkeztuko du. Gainera, abenduaren 7an mahai ingurua egingo du.

Aldizkariaren arduradunek jakinarazi dutenez, euskara ikasten ari zirenei beren ikas prozesuan laguntzeko euskara errazean idatzitako aldizkariaren lehen alearen aurkezpena "xelebrea" izan zen, aldizkaria bera baino, aldizkariaren azalaren kopia eraman baitzuten sortzaileek.

Bada, 40 urte geroago, AEK-k argitaratzen duen euskara ikasleentzako aldizkariak jaio zen toki berean ospatuko du urtebetetzea, Durangoko Azokan. Urteurrenaren ospakizuna urtarrilean hasi zuten: hilero, aldizkariaren historiaren pasarte garrantzitsuenak argitaratu dituzte. Horrez gain, irailean, aldizkariaren diseinu berria eta webgune berritua (aizu.eus) abiatu zuten, eta harpidetza digitala egiteko aukera ere zabaldu.

Alabaina, Abenduarekin batera etorriko da ospakizuneko une nagusia. Hala, Durangoko Azokan 462. zenbakia aurkeztuko dute, berezia. Izan ere, ohi baino orri gehiago izango ditu, guztira 68, eta eduki aldetik ere ez da ohikoa izango.

Aldizkariaren ale solteak erosteko edota harpidetza egiteko aukera izango da Azokan bertan, AEKAIZU!-k Landako Gunean izango duen standean (Goienkale, 23). Harpidetza egiten duenak, gainera, prezio berezia ez ezik, oparia ere izango du oraingoan: Patxi Huarte 'Zaldieroa'-k marrazturiko poltsa.

MAHAI INGURUA

Gainera, abenduaren 7an, 16:30etik 17:30era, Talaia-Musika Eskolan, aldizkariaren aurkezpena egingo dute, mahai inguru batekin batera. 'Aizu! aldizkaria, 40 urte euskara ikasleak hezten eta irakurleak hazten' izenburupean, Gotzon Hermosilla kazetaria, Maider Irurozki AEK-ko didaktikari eta irakaslea eta Belen Rufz euskara ikaslea solasean ariko dira aldizkariaren helburu eta eginkizunen gainean.

Halaber, eta 40. urtemuga Azokaz harago luzatzeko, aldizkaria bera ezagutarazteko kanpaina berezia ere egingo dute abendu osoan. Horretarako, 'Harrapatu aukera!' lelopean, aldizkariaren 2022ko urtarrileko alea doan eskuratzeko aukera eskainiko diote hala nahi duen euskara ikasle orori.

Horretarako, aizu.eus webgunera jo eta aldizkaria paperean edo PDF formatuan jasotzeko eskaria egin beharko dute. Horrela, euskara ikasleentzako beren-beregi egindako aldizkaria ezagutzen ez duenak bertatik bertara ezagutu ahal izango du bere eskaintza.