AHTren eraikuntzak eta mantentzeak "ezbaian" jartzen dute emisio murrizketa eta energia kontsumoa, ikerlan baten arabera

Archivo - Trenbidea
EUROPA PRESS - Archivo
Actualizado: viernes, 22 marzo 2024 11:32

BILBO, 22 (EUROPA PRESS)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ekopol ikerketa taldeko kideek abiadura handiko trenaren (AHT) euskal Y-aren bizi zikloaren azterketa egin dute linea horrek bere bizitza erabilgarri osoan izango duen ingurumen portaera ebaluatzeko, eta, besteak beste, ondorioztatu dute linearen eraikuntza eta mantentze lanek "ezbaian" jartzen dutela emisio murrizketa eta energia kontsumoa.

EHUko iturriek jakinarazi duetnez, Ekopol taldearen ikerketaren emaitzen arabera, AHTren linea horrek "ez du nahikoa ahalmen izango klima aldaketa arintzeko eta energia kontsumoa eta beste ingurumen inpaktu batzuk murrizteko".

"Askotan, ez dira kontuan hartzen azpiegiturak eraikitzeak eragiten dituen ingurumen kargak. Esan ohi da AHTak ingurumen kargak murriztuko dituela, trena elektrikoa delako, baina ez da kontuan hartzen eraikitzeko fasean sortzen diren karga guztiak", adierazi du Andoni Kortazar EHUko Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko irakasleak.

Horrela, azpiegiturak eraikitzeko erabiltzen diren lehengaiak eskuratzeko unetik bertatik proiektua amaitzen den arteko inpaktu guztiak zenbatetsi dituzte ikerketan, hala nola meategien ustiaketa, eraikuntza fasea, mantentze lanak edota operazio fase osoa. "Bizi ziklo osoa hartu dugu kontuan", gaineratu du.

Euskal Y-ak energia kontsumoa murrizten, klima aldaketa arintzen eta Europako Batasunak ezarritako emisio helburuak betetzen lagundu dezakeen egiaztatzeko, Ekopol ikerketa taldea eskura dauden azken datu eguneratuetan oinarritu da.

"Proiektuaren trazadura osoa aztertu dugu, metroz metro. Besteak beste, tunelen eta biaduktuen luzerak neurtu eta dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu, eta, bestalde, operaziorako administrazioak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituzten garraio estimazioei ere dagozkien koefizienteak aplikatu dizkiegu. Hala, jakin ahal izan dugu proiektu honek zenbat urte beharko lituzkeen ingurumen onurak eragiteko", azaldu du ikertzaileak.

Bada, emaitzek erakutsi dutenez, eraikuntza fasean eragindako inpaktuak AHTaren beste linea batzuen aldean oso gainetik daude, batetik, eskualdearen orografia menditsuaren ondorioz, baliabide eta energia kontsumo handiagoa behar duten azpiegitura konplexuagoak eraiki behar baitira, eta, bestetik, garraio eskari baxuagatik.

"EZ DAGO JUSTIFIKATUTA"

Ikertzaileek adierazi dutenez, "korridore berri hau ez dago justifikatuta emisio murrizketei eta energia kontsumoari erreparatuz. Gainera, eragin hutsala izango du Espainian gaur egun dagoen tren bidezko merkantzien garraio baxuan". Izan ere, Espainiako AHTaren sareak bidaiariak baino ez ditu garraiatzen, eta Frantziako merkantzien garraiorako konexioa ez da prest izango 2037 baino lehen.

Aurreikusita dago linea 2030ean ustiatzen hasten denean bidaiari eskaria 5,8 eta 3,3 milioi artekoa izatea. "Munduko beste AHTen eskaria baino nabarmen txikiagoa da hori", adierazi dute.

Hala, euskal Y-aren lineak ez du izango ingurumen onurarik emateko adinako bidaiari garraiorako eskaririk; alegia, "euskal Y-rako aurreikusitako garraio eskaria ez da behar bestekoa, energia kontsumoa eta emisio atmosferikoak murrizteari dagokionez azpiegitura osoaren eraikuntza justifikatzeko", esan du EHUko ikertzaileek.

Beraz, ondorioztatu dutenez, "Espainiak bere AHTa hedatzeko beharra birplanteatu beharko luke. Euskal Y-ak ez du nahikoa ahalmen izango klima aldaketa arintzeko eta energia kontsumoa eta beste ingurumen inpaktu batzuk murrizteko. Ingurumen krisi globaleko testuinguru batean, proiektu honek egora hobetu beharrean okertu ere egin dezake".

Ikerketa lana EHUko Ekopol ikerketa taldeko Andoni Kortazarrek (Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saila) eta Gorka Buenok (Teknologia Elektronikoa Saila) egin dute, David Hoyos (Metodo Kuantitatiboak Saila) Ekopoleko ohiko kolaboratzailearekin batera. Ikerketan lortutako emaitzek eta garatutako metodologiak aukera interesgarriak zabaltzen dituzte abiadura handiko beste tren proiektu batzuetan edota beste garraiobide batzuetako azpiegituretan bizi zikloaren analisiak egiteko.