Añanako Gatz Harana Fundazioak 500 kilo gatz eman dizkio Arabako Elikagaien Bankuari

Añanako Gatz Harana Fundazioko eta Arabako Elikagaien Bankuko ordezkariak.
ARABAKO FORU ALDUNDIA
Publicado: miércoles, 24 febrero 2021 16:18

GASTEIZ, 24 Feb. (EUROPA PRESS) -

Añanako Gatz Harana Fundazioak 500 kilo gatz eman dizkio dohaintzan asteazken honetan Arabako Elikagaien Bankuari. Laguntza horren bidez, elikaduran oinarrizkoa den gatzaren beharrak ase nahi dituzte bi erakundeek.

Arabako Elikagaien Bankuak baliabiderik gabeko milaka pertsonari eman zien laguntza 2020an, eta laguntza behar duten pertsonen kopurua handitu egin da covid-19ak eragindako pandemiaren ondorioz.

Daniel Fernández Conde erakundeko presidenteak azaldu duenez, "aldizka antolatzen diren kanpainetan, enpresek eta partikularrek lekaleak, pasta, irina, azukrea, arroza, olioa edo esnea ematen dute, baina oso gutxitan izaten da gatz ekarpenik".

Añanako Gatz Harana Fundazioaren eta Arabako Elikagaien Bankuaren arteko lankidetza ez da berria, eta fundazioak aldizkako bidalketak egin ditu urteetan. Esaterako, urtarril erdialdean, Iturburuko Gatzaren 680 errota entregatu zituen, erraza baita gatza formatu horretan banatzea familiei, eta beharren arabera, dohaintza gehiago egingo ditu.

"Elikagaien Bankuaren beharrak gero eta handiagoak dira, eta horregatik, Gatz Haranak 'gatz aletxo' solidarioa jarri nahi du behartsuenei laguntzeko", azaldu du Añanako Gatz Harana Fundazioko
zuzendari-gerente Pablo de Oraá Oleagak.