Angulemako zatia eta tranbiaren adar berria lotzeko lanak amaitu dituzte

Gasteizko tranbia.
EUROPA PRESS - Archivo
Publicado: miércoles, 14 agosto 2019 17:35

GASTEIZ, 14 Ago. (EUROPA PRESS) -

Angulemako zatia eta tranbiaren adar berria gauez lotzeko lanak burutu dira, Eusko Trenbide Sareak Gasteizko Udalari asteazken honetan, abuztuaren 14an, jakinarazi dionez. Zehazki 04:30ean amaitu dituzte lanak, eta honela auzokideei ez dute eragozpen gehiagorik izango.

Amaia Barredo Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotziak eskerrak eman dizkie auzokideei, "lanek eragindako enbarazuaren aurrean izandako pazientziarengatik", eta Euskal Trenbide Sareari "ahaleginarengatik eta arintasunarengatik".

"Lanak beharrezkoak dira hiriaren proiektu estrategiko hori betetzeko, baina ezinbestean eragiten diote inguruko auzokoen bizi-kalitateari epe zehatz batean. Hain zuzen, herritarrei ahalik eta enbarazu txikiena egiten saiatu gara, munta handieneko lanak gauzatzean zarata murrizteko neurri bereziak hartuz, eta hiriaren erdialdean jarduera gutxitzen den garaian eginez. Biziki eskertzen dut auzokoen ulermena eta portaera", nabarmendu du Barredok.

Aste honetan hasi dira Gasteizko tranbia hegoaldera luzatzeko lanak, alegia, Angulemako zatia eta adar berria lotzea, eta Florida, Castro Urdiales eta Nieves Cano kaleak lehengoratzea. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak finantzatzen dituzte tranbiaren lanak, gastua 10 milioi eurotik gorakoa delarik.