Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bat egin dute Indeus Industriaren Euskal Plataformarekin

Indeus Industriaren Euskal Plataformaren bilera telematikoa.
IREKIA
Actualizado: jueves, 25 febrero 2021 18:02

BILBO, 25 (EUROPA PRESS)

Indeus Industriaren Euskal Plataformako partaide diren enpresak, ekimena bultzatzen duten erakunde publikoak eta plataformarekin bat egin berri duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako foru aldundiak elkartu dira ostegun honetan telematikoki egindako bilkuran, lehen batzar orokorra egin zenetik urtebete pasa denean. Gainera, ongietorria egin zaie azken hiletan ekimenera atxikitu diren enpresei: Biele Group, BRTA, Ega Master eta Orona.

Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta Aitor Urzelai Spri Enpresen Garapenerako Agentziako zuzendari nagusia buru izan dituen bilkuraren helburua izan da 2020ko jarduna aztertzea eta 2021erako helburuak finkatzea.

Joan den urteko balantzea egiterakoan, ondorioztatu dute pandemiaren eragina "nabarmena" izan dela plataformaren jardunean, gainerako guztietan bezala. Hala ere, ziurtatu dutenez, ekimenak "ez du atsedenik hartu eta lanean jarraitu du urtean zehar, lantaldeek eta batzorde eragileak egindako bilera eta mintegietan".

2021. urteari begira, iaz gertatutako moteltzea atzean utzi eta ekimenari bultzada eman beharra azpimarratu dute batzarrean parte hartu dutenek, ahalegin berezia eginez enpresa berriak erakartzeko, Indeuseko enpresen artean esperientziak partekatzeko eta eragile desberdinekin lankidetza bultzatzeko.

INDEUS

Indeus Industriaren Euskal Plataforma da, Spri Enpresen Garapenerako Agentziak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE), Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek bultzatzen dutena.

Euskaraz lan egitea erabaki duten enpresa industrialei laguntzeko sortu zen ekimena, euskarazko produktu eta zerbitzuak lortzeko bideak landuz. Ibilbide honetan, Indeusek euskararen presentzia txikia duten enpresei ere ireki dizkio ateak, aurrekoen eskarmentua besteen eredu izango delakoan.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) industria arloan euskararen presentzia areagotuz, euskal enpresen lehiakortasunaren euskarri izatea du helburu Indeusek. Hori lortzeko bideak ezarri ditu dagoeneko: euskararen kudeaketa aurreratuko enpresek dituzten beharrak eta zailtasunak identifikatzea; enpresen beharrei eta zailtasunei erantzuna emateko bideak aztertzea; euskarak presentziarik ez duen enpresa industrial handiak ekimenera erakartzea; euskara txertatuta duten enpresak gainontzekoentzat eredu izatea; eta ekimenean parte hartzen duten enpresen arteko komunikazioa eta elkarlana sustatzea.

Dagoeneko 25 dira Industriaren Euskal Plataforman parte hartzen ari diren enpresa eta elkarteak: Ampo, Biele Group, BRTA, CAF, Ceit, Cikautxo, Copreci, Danobat, Ega Master, Ega Solutions, Eika, Elay, Energia Klusterra, Esle Elkartea, Gaia Klusterra, Goizper, Ikerlan, Irizar, Maier, Orkli, Orona, Petronor, Tecnalia, Ulma Construcción eta Vicomtech.

Erakunde publikoak, berriz, sei dira: Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetza, Spri Enpresen Garapenerako Agentzia, Energiaren Euskal Erakundea eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiak.