Aste Santuan ziurgabetasuna nagusituko dela dio Euskalmetek

Aste Santuan ziurgabetasuna nagusituko dela dio Euskalmetek
EUSKALMET
Actualizado: lunes, 15 abril 2019 18:32

BILBO, 15 (EUROPA PRESS)

Euskalmet meteorologiaren euskal agentziak iragarri du egun batzuetan eguraldi aldakorra izan ondoren ziurgabetasuna izango dela Aste Santuko iragarpenen protagonista, batez ere goi geruzetan aire masa hotz bat iristear delako.

Horrela, Euskalmeten arabera, asteartean, apirilaren 16an, goizaldean egin dezake euria, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ekialdean, baina goizean zehar atertu egingo du eta hodeiak arintzen joango dira. Eguerditik aurrera ez da hodei askorik espero, nahiz eta tenperaturek nabarmen egingo duten behera astelehenekoekin alderatuta; 18 gradutik beherakoak izango dira.

Asteazkenean, hilaren 17an, hegoaldeko haizea nagusituko da eta tenperaturek nabarmen egingo dute gora egunez, bereziki Kantauri isurialdean. Asteazkenean, beraz, giro eguzkitsua izango dugu, arratsalde-gaualdean berriz ere hodeiak nagusitzen joango diren arren.

Ziurgabetasuna ostegunetik aurrera izango da protagonista, apirilaren 18tik, egun horretan goi geruzetan aire masa hotza iritsiko dela aurreikusten baita. Iberiar penintsulan hartzen duen bidearen arabera, bi egoera izan daitezke: lehenengoa eguraldi ezegonkorra eta hezea izango litzateke, eta hodei ugari izateaz gain, tenperaturak, egunez, 14 eta 18 gradu artekoak izango lirateke; bigarren egoeran ezegonkortasuna ez litzateke hainbestekoa izango eta ez litzateke hainbesteko prezipitazio arriskurik izango.

Laburbilduta, asteartean eta asteazkenean eguraldi egonkorra eta lehorra izango dugu, nahiz eta tenperaturek gorabehera handiak izango dituzten; asteartean giroa freskoa izango da eta asteazkenean tenperaturek nabarmen egingo dute gora. Hortik aurrera ziurgabetasuna handia da, eta bi egoera gerta litezke: eguraldi ezegonkorra, hezea eta freskoa, edota, ekialdeko haizeak joko balu, zertxobait egonkorragoa, ez hain hodeitsua eta prezipitazio arrisku gutxikoa.

Bukatzeko, Euskalmetek gomendatu du iragarpen eguneratuak jarraitzea http://www.euskalmet.euskadi.eus web orrian edota @Euskalmet Twitter kontuan.