Atxuri eta Santutxu lotuko dituen igogailu berria inauguratu du Bilboko Udalak

Igogailu berriaren inaugurazioa
BILBOKO UDALA
Actualizado: lunes, 12 noviembre 2018 14:37

BILBO, 12 Nov. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak Atxuri auzoan irisgarritasuna hobetzeko plana osatu du, Atxuri eta Santutxu ororentzako irisgarritasunez lotuko dituen igogailu berria inauguratuta, Basobide kaletik Solokoetxera. Obrak 561.628 euroko inbertsioa ekarri du: Bilboko Udalak inbertsioaren %55 jarri du, eta Antiguo Berri sustatzaileak %45, proiektua idazteko eta obra zuzentzeko aholkularitza tekniko guztiaz gain.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak izan da inaugurazio ekitaldiko buru. Udal gobernuko, Surbisa udal erakundeko eta beste udal taldeetako ordezkariak ere egon dira ekitaldian.

Igogailuak 28 metroko garaiera aldea iragan behar du. Kabinan 21 lagun sar daitezke, eta, hiriko gainerako igogailuetan bezala, denbora errealeko zainketa sistema bat, argindarrez etengabe hornitzeko sistema bat eta kabinaren barnealdearekin komunikatzeko sistema bat izango ditu.

Igogailua elkarlan publiko-pribatuaren emaitza da. Surbisa udal sozietateak kudeatuko du, Enkarnazio parkean egitekoa den hiri jarduketa orokorraren barruan. Jarduketa hori Antiguo Berri sustatzaileari agindu zion Bilboko Udalak. Zehazki, epe luzeagoan egitekoa zen plazatxo baten ordez, igogailu publiko bat egitea agindu zaio, Atxuri eta Santutxu lotzeko Basobide kaletik Solokoetxeraino.

Modu honetan, hobetu egingo da bi auzoetako bizilagunek erabiltzen dituzten ekipamendu publikoen arteko komunikazioa, hala nola Solokoetxeko osasun etxea, irakaskuntzako ekipamenduak, Atxuriko kirol guneak, Euskotren geltokia eta tranbia eta abar.