Atzerrian hizkuntza ikastaroak egiteko eskaerak aurkezteko epea asteartean irekiko da

Actualizado: lunes, 23 octubre 2017 17:51

BILBO, 23 Oct. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak astelehen honetan argitaratu du atzerrian ingeles, frantses edo aleman ikastaroak egiteko 533 plazatarako deialdia egiten duen agindua. DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta daude ikastaroak, eta, deialdia aldizkarian argitaratu ondoren, interesik duten ikasleek hilabeteko epea izango dute eskaerak aurkezteko, asteartetik, urriaren 24tik, azaroaren 23ra. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren webgunean bete ahal izango dute eskolan aurkeztu beharreko eskaera. Hezkuntza Sailak 847.038 euro bideratuko ditu deialdira.

Jaurlaritzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, 533 plazetako bat eskuratu nahi duen ikasleak baldintza batzuk bete behar ditu. Horrela, aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) gutxienez 7 puntuko nota eskuratu behar izan du aurreko ikasturtean, eta batez besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago. Gainera, ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan, eta 2018an gehienez ere 19 urte beteta izan behar ditu.

Plaza bakoitzak, ondorengo gastuak hartzen ditu barnean: joan-etorriko bidaia Bilbo, Donostia eta Gasteiztik ikasleak egonaldia egingo duen herrialderaino, bidaia asegurua, hizkuntza ikastaroaren matrikula eta eskola materiala, ostatua, mantenua eta ikastaroa emango den zentrorako hiri garraioa.

Plazen banaketa egiterakoan, kontuan izango dira ikaslearen hezkuntza maila eta familiaren egoera ekonomikoa ere. Ondorioz, Irlandan ingelesa ikasteko 198 plaza izango dira, eta Ingalaterran ikasteko, 265; frantsesa ikasteko 50 plaza izango dira, eta alemana ikasteko beste 20.

Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea. Horrela, lehen tartean daudenek, 170 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 680 euro. Lehen tartean sartzen dira aurreko ikasturtean ikasketa beka jaso zuten ikasleak, eta bigarren tartean aurreko ikasturtean bekarik jaso ez zutenak.