Atzerriko 533 hizkuntza ikastaroetarako eskaerak aurkezteko epea ireki du Hezkuntza Sailak

Atzerriko hizkuntza ikasteko ikastaroetarako plazak
IREKIA
Actualizado: viernes, 16 noviembre 2018 13:58

BILBO, 16 (EUROPA PRESS)

Atzerrian ingeles, frantses edo aleman ikastaroak egiteko Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eskaintzen dituen 533 ikastaroetan parte hartu ahal izateko eskaerak egiteko epea ireki da ostiral honetan, azaroaren 16an. Ikastaro eta egonaldiek hiru asteko iraupena izango dute, eta DBHko 3. eta 4. mailetako eta Batxilergoko lehen eta bigarren mailetako ikasleei zuzenduta daude. Baldintzak bete eta interesa duten ikasleek abenduaren 17ra arte egin dezakete eskaera, on line Hezkuntza Sailaren webgunearen bitartez edo ikastetxean bertan.

Hezkuntza Sailak jakinarazi duenez, 847.038 euro bideratuko ditu 2019ko udan Irlandan, Erresuma Batuan, Alemanian edo Frantzian burutuko diren ikastaroetarako. 533 plaza horietako bat eskuratu nahi duten ikasleek bete beharreko baldintzak, honako hauek dira: aukeratutako hizkuntzan edo hizkuntzetan (ingelesa, frantsesa edo alemana) gutxienez 7 puntuko nota eskuratu izana aurreko ikasturtean; aurreko ikasturteko batez besteko nota eta hautatutako hizkuntzan jasotako notaren arteko batuketan 16 puntu edo gehiago lortu izana; ikasleak eskatzen duen plazari dagokion hizkuntza ikasia izan behar du aurreko bi ikasturteetan; eta ikasleak 2019an gehienez ere 19 urte betetzea.

Plaza bakoitzak ondorengo gastuak hartzen ditu barne: joan-etorriko bidaia Euskadiko hiru hiriburuetatik ikasleak egonaldia egingo duen herrialderaino, bidaia asegurua, hizkuntza ikastaroaren matrikula eta eskola materiala, ostatua, mantenua eta ikastaroa emango den zentrorako hirigarraioa.

Plazen banaketa egiterakoan, kontuan izango dira ikaslearen hezkuntza maila eta familiaren egoera ekonomikoa. Ondorioz, ingelesa Irlandan ikasteko 198 plaza izango dira, eta Eresuma Batuan ikasteko, 265; frantsesa ikasteko 50 plaza izango dira Frantzian, eta alemana ikasteko beste horrenbeste Alemanian.

Plazaren bat egokitu zaien ikasleek ezinbestekoa izango dute dagokion ordainketa egitea. Lehen tartean daudenek, 170 euro ordaindu beharko dituzte, eta bigarren tartekoek 680 euro. Lehen tartean sartzen dira aurreko ikasturtean ikasketa beka jaso zuten ikasleak, eta bigarren tartean aldiz, aurreko ikasturtean bekarik jaso ez zutenak daude.