Azalien asteburu kulturalak Bermeoko artisten lana ezagutzera emango du ostiraletik igandera

Azalien asteburu kulturala Bermeon
BERMEOKO UDALA
Actualizado: martes, 23 octubre 2018 16:42

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Azalien asteburu kulturala ospatuko da Bermeon (Bizkaia) bigarren urtez, urriaren 26tik 28ra bitartean, eta diziplina ezberdinetako herriko artisten lanak espazio bakarrean bilduuko ditu, Arrantzaleen Kofradia Zaharrean, hain zuzen ere.

Pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinea, graffitiak, eskultura, antzerkia, zeramika eta hainbat kontzerturekin gozatzeko aukera izango dute herritarrek, Bermeoko kultur eta arte elkarteen eta artisten eskutik. Aurtengo gaia erotismoa izango da.

Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga Barrueta Arte Elkarteko kideek aurkeztu dute astearte honetan prentsaurrekoan Azalien asteburu kulturala. Barrueta Arte Elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimenean herriko 15 arte edo kultur elkarte inguruk eta banakako artistek parte hartuko dute.

Ekimenaren helburuak dira, alde batetik, herriko artistek egiten dituzten diziplina ezberdinetako lanak toki berdinean batzea herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko, eta, bestetik, elkarren lanak ezagutuz artisten arteko harremanak indartzea. "Azalien asteburu kulturalaren bidez, Bermeon ditugun artistak eta euren lan garrantzitsuak ezagutzeko aukera izango dugu guztiok", adierazi du Astuik.

Horrela, ostiralean, urriaren 26an, arratsaldeko 19:00etan hasiko da Azalien asteburu kulturala, ekimenaren azalpen labur batekin. Ondoren, 19:30ean, erakusketa zabalduko da, eta 20:00etan Aiama eta Mamushka! taldeen kontzertua izango da.

Larunbatean, urriaren 27an, nahi duten ume eta nagusiek Arrantzaleen Kofradia Zaharrera margotzera hurbiltzeko aukera izango dute, Barrueta Arte Elkarteko kideak ere margotzen izango baitira. Arratsaldeko 13:00etan, Miss Baker taldearen kontzertua izango da eta Raku buztina lantzeko lantegia egingo da. Iluntzeko 20:00etan musika izango da berriro protagonista, Etxekalte taldearekin eta DJ Blaká-ren musikarekin.

Igandean, urriaren 28an, larunbaten bezala, nahi duten pertsona guztiek margotzera anima daitezke, eta 13:00etan dantza ikuskizun bat ikusteko aukera egongo da, Katillotxu emakume taldearen eskutik. Ondoren, 13:30ean, DJ Gatazkaren musikak giroa alaitu du.

Gainera, larunbat osoan zein igande goizean hainbat ekimen izango dira, besteak beste, zeramika modelaketa, hitzaldiak, bakarrizketak, olerki irakurketak, film laburrak, argazkien erakusketa, egur lanketa, graffitiak eta birziklatutako eskulturak. Ekitaldi guztietako sarrera dohainik izango da.