Azkuna Zentroak 2019ko egonaldi artistikoen deialdia egin du

Azkuna Zentroaren egionaldi artistikoak
AZKUNA ZENTROA - Archivo
Actualizado: viernes, 1 febrero 2019 15:52

BILBO, 1 (EUROPA PRESS)

Azkuna Zentroa Bilboko Gizarte eta Kultura Garaikideko Zentroak 2019ko egonaldi artistikoen deialdia egin du. Musika esperimentala eta soinu artea oinarri duen Hotsetan egonaldia izango da aurtengo deialdiko berritasun nagusia, zentroko arduradunek jakinarazi dutenez.

Zentroak era askotako ekimenak antolatzen ditu zuzeneko eta erakusketako arteen inguruko ikerketa, sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko, artelanen ekoizpena bultzatzeko eta herritarrengana hurbiltzeko, hala egindako obra nola sorkuntzako prozesuak erakutsiz.

Egonaldi artistikoen programak baldintza egokiak eskaintzen dizkie sortzaileei, material eta espazio aldetik, zentroak dituen programei eta ekintza ildoei lotuta dauden sorkuntzako proiektuak garatzeko. Aldi berean, hurbileko sorkuntza ehuna nazioarteko kultur inguruneekin lotzen ditu, eta truke, harreman eta lankidetza iraunkorrak eta elkarrekikoak bilatzen ditu.

Zeregin horretan, ahalegina egiten da beste zentro batzuekin elkarlanean aritzeko, adibidez, Kubako Carlos Garaikoa estudioarekin eta Rotterdamgo Dansateliers dantza garaikideko zentroarekin. Sare horrek bide ematen du prozesu artistikoak trukatzeko eta jarraipena izan dezaketen lanbide harremanak ehuntzeko.

2019ko deialdiari dagokionez, dantza garaikideko egonaldia Holandako Dansateliers Rotterdam sorkuntza eta erakusketa zentroarekin lankidetzan egiten da. Dantzan profesional diren artistei zuzendutako egonaldia bi alditan garatzen da: lehena Azkuan Zentroan izango da, irailaren 1etik 30era, eta pieza koreografiko bat ikertzeko eta sortzeko prozesua jorratuko du; bigarrena Rotterdamen izango da, Dansateliers-en instalazioetan, 2020ko otsailaren 24tik martxoaren 20ra arte.

Deialdiaren erabakia 2019ko martxoaren 11n hartuko da. Aurkeztutako proiektuak Fernando Pérez Azkuna Zentroko zuzendariak eta Kristin de Groot Dansateliers-en zuzendari artistikoak balioetsiko dituzte.

PRAKTIKA ARTISTIKOAK

Bestalde, praktika artistikoen egonaldiak Kubako eta Euskadiko artisten arteko trukea sustatzen du, bi espazioetan ikerketa aldi bat eginez, testuinguru artistiko desberdinetan eta bertakoetan ikerkuntza eta lana bultzatzeko asmoz. Egonaldia Carlos Garaicoa estudioak Habanan duen Artista x Artista programarekin lankidetzan egiten da.

Bilbon aukeratutako pertsonak Kuban egingo du egonaldiaren lehen zatia, urteko bigarren hiruhilekoan, eta Azkuna Zentroan bigarrena, udaren ondoren. Aldi berean, Carlos Garaicoa estudioak eta Azkuna Zentroak Kubako artista bat hautatuko dute, eta horrek antzeko ibilbide bat egingo du Bilbon egonaldia egiten ari den artistarekin 2019ko azken hiruhilekoan, zentroan bertan. Praktika artistikoen egonaldiari buru emateko, bi sortzaileek lanaren erakusketa egingo dute Azkuna Zentroan.

Deialdi honen erabakia martxoaren 28tik aurrera hartuko da.
Fernando Pérez-ek eta Lucia Aguirre Guggenheim Bilbao Museoko komisarioak osatuko dute aurkeztutako lanen balorazioa egingo dutenen epaimahaia.

Bestalde, Consonni 2020ra arte Azkuna Zentroko kolektibo egoiliarrak irrati saio bat sortzeko deialdia zabaldu du, "Consonni radio AZ" proiektuaren barnean kultura kritikoa zabaltzeko. Kolektiboak deialdi publiko bat zabaldu du Azkuna Zentroko irrati estudioan grabatutako lau saioko podcast programa garatzeko.