Banku bati 9.000 euroko iruzurra egin dion gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: viernes, 24 octubre 2014 18:15

BILBO, 24 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek gizon bat atxilotu zuten joan den asteazkenean Bilbon, iruzur delitu bat egotzita, Bizkaiko hiriburuko Errekaldeberri auzoko banku sukurtsal batean zor agiri faltsu bat kobratzen saiatu ostean. Atxilotuak 9.000 euroko iruzurra egina zion bankuari aurretik, antzeko taktika bat erabilita. Sukurtsaleko arduradunek eman zioten abisua Ertzaintzari susmagarria bertara joan zenean, eta handik gutxira atxilotu zuten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertaera asteazken goizeko 10:00etan izan zen, Bilboko Errekaldeberri auzoko banku sukurtsal batean. Entitateko arduradunek Ertzaintzari jakinarazi zioten gizon bat txeke faltsu bat kobratzen saiatu zela, benetan faltsua zela egiaztatu ondoren.

Pertsona horrek 9.000 eroko iruzurra egina zion bankuari aurreko irailean, hainbat pertsonaren lekua hartu eta zenbait banku kontu irekita. Orduan, zor agiria ingresatu ostean, banku kontu bat ireki eta zenbatekoa atera zuen kutxazainen bidez. Dirua inork detektatu gabe ateratzeko, eragiketak bankua txekearen egiazkotasuna aztertzeko beharrezko izapideak egiten ari zen bitartean gauzatzen zituen.

Asteazken goizean, eragiketa errepikatzen saiatu zen ustezko iruzurgilea, baina bankuko langileek ezagutu egin zuten eta abisua eman zioten Ertzaintzari. Handik gutxira antzeman zuen poliziak susmagarria, eta sukurtsalaren inguruetan atxilotu.

Agenteek faltsifikatutako lau atzerritar nortasun agiri aurkitu zituzten atxilotuaren gauzen artean, bai eta bi pertsona desberdinen izenean zeuden bankuko bi libreta ere. Horrez gain, ustez lapurturiko eta Kataluniako enpresa baten izenean zeuden zor agiriak manipulatu egin zituztela antzeman zuten.

Horiek horrela, ertzainek atxilotu egin zuten gizona, iruzur delitu bat egotzita. Atxilotua, 42 urtekoa, ertzain etxera eraman zuten egin beharreko izapideak egiteko, eta ondoren epaitegira eramateko.