Basque Industry 4.0 eta Basque Cibersecurity Day batera ospatuko dira azaroan, BECen

Basque Industria 4.0 eta Basque Cibersecurity Day batera ospatuko dira datorren azaroan, BECen
SPRI
Actualizado: martes, 23 abril 2019 11:48

BILBO, 23 (EUROPA PRESS)

Basque Industry 4.0 eta Basque Cibersecurity Day ekitaldiek bat egingo dute aurten Barakaldoko BECen (Bizkaia), eta azaroaren 20an eta 21ean ospatuko dira. Bi topaketek helburuak berrituko dituzte eta protagonismo gehiago emango diote erakusketa guneari, euskal industrian duten presentzia nabarmenagatik. Halaber, orain arte izan duten helburua mantenduko dute, hau da, Euskadi "Europako erreferente bihurtzea etorkizun hurbilean funtsezkoak izango diren zibersegurtasunean eta 4.0 industrian", SPRI Taldeak jakinarazi duenez.

Horrela, Basque Industry 4.0-The Meeting Point ekimenak seigarren edizioa egingo du aurten, eta jada urteroko hitzordu bezala egonkortu da, arlo horretako eragile garrantzitsuenek 4.0 industriaz gogoeta egin dezaten, hala nola erakunde publikoek, enpresek, klusterrek, teknologia zentroek eta unibertsitateek.

Ekitaldiak sona handia lortu du nazioartean. Iazko edizioan Europako Batzordeak ekitaldiaren data berean egin zuen S3Platforms espezializazio adimenduneko hiru plataformen lehen bilera bateratua. Hain zuzen, Slawomir Tokarsi Berrikuntza eta Fabrikazio Aurreratuko zuzendariak eman zuen biltzarreko hitzaldietako bat, eta Europako Batzordearen web orriak gonbita luzatu zuen Basque Industry 4.0 ekitaldian parte hartzeko.

Aurtengo edizioko egitaraua prestatze fasean dago une honetan, eta ekitaldiak protagonismoa partekatuko du 4.0 industriaren barruan funtsezkoa den beste gai batekin, hain zuzen, zibersegurtasunarekin. Erakusketa guneak iaz 135 enpresa bildu zituen, eta aurten presentzia handiagoa izango du. Orobat, bertan izango dira 4.0 industria eta zibersegurtasun arloetako atzerriko pertsona ezagunak, eta Bind 4.0 programaren aurtengo edizioko start up teknologikoek ere beren txokoa izango dute.

ZIBERSEGURTASUNA

Bestalde, Basque Cybersecurity Day jardunaldiaren lehen edizioa "sorpresa atsegina" izan zen nazioarteko eragileentzat joan den urtean, bai hizlarien mailagatik, bai parte hartzaileak erakartzeko gaitasunagatik.

Lehen edizioan, "zibersegurtasunaren erreferentziazko ekitaldi" bihurtu zen Europako hegoaldean, eta, horri esker, Zibersegurtasuneko Euskal Zentroak (BCSC) aukera izan zuen protagonista bezala parte hartzeko San Frantziskoko RSA Conference ekitaldian, AEBetan gai horri buruz egiten den biltzarrean.

Ekitaldi bateratuaren egitaraua oraindik zehaztu gabe badago ere, Basque Cibersecurity Day jardunaldiak aurten ere bilduko ditu zibersegurtasun arloko hornitzaileak eta erabiltzaileak, eta agerian jarriko du zein garrantzitsua eta beharrezkoa den horrelako mehatxu berrietatik babestea, bai enpresa barruan, bai bizitza sozialaren edozein esparrutan.