Batxilergoan eta Lanbide Heziketan euskaraz matrikulatzea sustatzeko 3.000 liburuxka bidali ditu Bilboko Udalak

Actualizado: miércoles, 2 marzo 2011 13:06

BILBO, 2 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udaleko Euskara Sailak Batxilergo eta Lanbide Heziketako ikasketetan euskaraz matrikulatzea sustatzen duen Alkarbideren kanpainan parte hartu du. Horretarako, 3.000 informazio-liburuxka inguru bidali ditu aurten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 4. mailan matrikulatutako gazte bilbotar guztien etxeetara.

Batxilergoa eta Lanbide Heziketako matrikulazio garaia heldu baino lehen, Bilboko Udalak DBH amaitu duten gazteek Batxilergoan edo Lanbide Heziketan euskaraz ikasten segi dezatela sustatu nahi du. Horrekin batera, ikasleei euskarazko ikasketak eskaintzen dituzten Bilboko eta Bizkaiko beste herrietako ikastetxeen zerrenda aurkezten zaie.

"Nahi dudalako" izenburupean, Alkarbide Bizkaiko euskara zerbitzuetako teknikarien bilguneak koordinatzen du informazio-kanpaina hau. Halaber, webgune bat ere jarri da abian, www.nahidudalako.com; bertan, ikastetxeen datuak (helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa), bakoitzean egin daitezkeen ikasketak eta ikastetxera heltzeko erabili daitekeen garraio publikoa biltzen dira.

Webguneak berrikuntzak izan ditu aurten. Bilatzailea dago batetik, ikasketak edo ikasketa horiek eskaintzen dituzten ikastetxeak bilatzeko, hau da, mapan bilatu ezin dena, bilatzailetik bilatu ahal izango da; bestetik, Testigantzak izeneko atal berria ere badago, hau da, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa euskaraz ikasi duten zenbait gazteren esperientziak agertzen dira DBH3 eta DBH4 mailetako ikasleak euskaraz ikasten jarraitzera animatuz. Web-orrira sartzeagatik gazteek sariak ere eskuratu ahal izango dituzte inkesta bat bete eta gero.