BBK Kuna 2021eko "100 ideia onenen artean" hautatu du 'Actualidad Económica' gehigarriak

Archivo - BBK Kunaren eraikina
BBK - Archivo
Actualizado: viernes, 20 mayo 2022 17:26

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

BBK Kuna 2021eko "100 ideia onenen" artean sartu du Espainiako Estatuan 'El Mundo' egunkariarekin banatzen den 'Actualidad Económica' asteroko gehigarriak. Inguruan aberastasuna eta ezagutza sortzeko orduan beren berrikuntza eta originaltasunagatik nabarmentzen diren enpresa eta erakundeen balioa azpimarratzen du aitorpenak.

BBK-k jakinarazi duenez, 'Jasangarritasuna eta GJHei lotutako proiektuak' kategorian lortu du aintzatespena aurtengo edizioan, 'BBK Kuna GJHen Etxea' proiektuagatik. Gorka Martinez BBK-ko zuzendari nagusiak eta Eider Inunciaga BBK Kunako zuzendariak jaso dute saria Madrilen egindako ekitaldian.

Erakundearen arabera, aitorpenak "bultzada ematen dio Bizkai oparo, kohesionatu eta iraunkorra lortzeko egunez egun lanean ari den proiektuari". BBK Kunak gizarteko eragile guztiak hartzen ditu kontuan lehiakortasun iraunkorra lortzeko, hots, herritarrak, unibertsitateak eta ikerketa zentroak, administrazio publikoa eta enpresa pribatua.

BBK Kuna GJHen Etxea bokazio eraldatzailearekin sortu zen, 2030 Agendan inpaktua lortzeko eta, benetako ekintzen bidez, Bizkaiaren eta bertako biztanleen etorkizuna hobetzeko. "Bizkaian sustraitutako ametsa, baina aliantzak eta sareak ehuntzeko bokazioa duena, gure mugetatik haratago gizarte aldaketa sustatzeko. Euskadira eta mundura irekitako proiektua", nabarmendu dute.

BBK Kuna gizarte berrikuntzako zentroak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) ditu ibilbide orritzat. Bost solairuko eraikina du Bilbo Zaharraren bihotzean, etorkizuneko erronkei
irtenbideak emate aldera proiektu berritzaileak sustatzeko. Gizarteko eragile guztiekin batera lan eginez, sareak eta aliantzak ehundu nahi ditu, betiere arreta Bizkaiaren etorkizuna hobetzera bideratuta, "inor atzean utzi barik".