BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia "aro berri batera begira sendotzeko" akordioa

Ezkerretik eskuinera: Nora Sarasola (BBK), Lorea Bilbao (Bizkaiko Aldundia), Eduardo Martínez (Mendi Film), Xabier Ochandiano (Bilboko Udala) eta Jabier Baraiazarra (Mendi Film).
Ezkerretik eskuinera: Nora Sarasola (BBK), Lorea Bilbao (Bizkaiko Aldundia), Eduardo Martínez (Mendi Film), Xabier Ochandiano (Bilboko Udala) eta Jabier Baraiazarra (Mendi Film).MENDI FILM FESTIVAL
Actualizado: lunes, 24 junio 2019 12:53

BILBO, 24 (EUROPA PRESS)

Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak, BBK Fundazioak eta Mendi Film elkarteak lau urteko lankidetza akordioa sinatu dute, astelehen honetan, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdia "aro berri batera begira sendotzeko". Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren "Top of Africa" izango da jaialdiaren 12. edizioko irudia, eta Nives Meroi eta Romano Benet alpinistek WOP Saria jasoko dute. Jaialdia abenduaren 6tik 15era ospatuko da.

Bilboko BBK aretoan egin da astelehen honetan lankidetza akordioaren aurkezpen ekitaldia, eta Lorea Bilbao Bizkaiko Aldundiko Euskara eta Kulturako diputatuak, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi ordezkariak, Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariak, Eduardo Martinez jaialdiko presidenteak eta Jabier Baraiazarra jaialdiko zuzendariak parte hartu dute.

Mendi Film zinemaldia 2008an sortu zen. Lehen lau edizioak Gasteizen egin ziren, eta 2012tik Bilbon ospatu da. Azken zazpi edizioetan jaialdira hurbildu direnen kopurua hirukoiztu egin da, 2018an 12.000 ikuslera iritsiz, etenik gabeko gorakadan. Iaz, Mendi Tour pelikula emanaldi ibiltaria batuta, 26.000 ikuslek gozatu zuten jaialdiaren eskaintzaz.

"Aurkezten dugun lankidetza akordioak, ilusio zakua oparo betetzeaz gain, aipatutako oinarri sendoak hauspotzeko indar handia ematen dio", nabarmendu dute agerraldian parte hartu dutenek.

Bestalde, Christian Pondella argazkilari estatubatuarraren "Top of Africa" irudia izango da 12. edizioko kartel nagusia, CVCEPHOTO mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketan Mendi Film Festival Kartela saria irabazi ondoren. Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak eta Mendi Filmek hirugarren urtez eman dute sari hori.

Tanzaniako Kilimanjaro mendian hartutako argazki ikusgarria da. Will Gadd izotz eskalatzaile kanadar ezaguna ageri da Afrikako gailurreko glaziar arrastoetan azkenetakoa den izotz horman jardunean. "Bere ederrean, klima aldaketari buruzko hausnarketa gordin eta beharrezko bat", gaineratu dute.

WOP SARIA

Halaber, BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiko arduradunek aurtengo edizioko albiste nagusietako bat aurreratu dute: Nives Meroi eta Romano Benet alpinistak izango dira 12. edizioko omendu nagusiak, WOP Saria jasoz. Munduko 14 zortzimilakoak oxigeno laguntzarik gabe eta altuera zamaketaririk gabe osatu dituen bikotea da.

Duela 25 urte egin zuten lehen zortzimilako espedizioa, eta 2017an itxi zuten 14 gailurren zerrenda. Tartean geldiune bat egin zuten: Romanok gaixotasun larri bat jasan zuen, 2009ko Kangchenjungako espedizioan bete-betean azaleratzen hasi zena, eta Nivesek erabaki zuen senarra osatzen zen bitartean ez zuela bere kabuz jarraituko goi mendietako erronkekin. Bi hezur-muin transplante jaso eta gero, osatu bidean jarri zen Romano, eta hala eutsi zioten berriro munduko 14 gailur garaienak egiteko proiektuari.

Mendizaletasunaren giza balioen defentsa eta transmisioa saritzen ditu WOP-The Walk On Project Fundazioa Sariak. Jaialdiaren aurreko edizioetako omenduak izan dira Jeremy Collins-en "Drawn" filma (2014), Josep Manuel Anglada (2015), Sir Chris Bonington (2016), Peter Habeler (2017) eta Juanjo San Sebastian (2018).