Beerbao Fest jaialdiak nazioarteko 100 artisau garagardo baino gehiago eramango ditu Bilbora azaroaren 23an eta 24an

Beerbao Fest 2018, azaroaren 23an eta 24an
BEERBAO FEST
Actualizado: miércoles, 17 octubre 2018 13:36

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Beerbao Fest artisau garagardoen jaialdia ospatuko da Bilboko Euskalduna jauregian azaroaren 23an eta 24an, eta nazioartean entzutetsuenen artean dauden 100 garagardo baino gehiago aurkeztuko ditu, 30 ekoizle baino gehiagoren eskutik. Lervig eta Cervisiam norvegiarrak, North Brewing ingelesak, Dry & Bitter danimarkarrak, Basqueland eta Mala Gissona gipuzkoarrak, Laugar bizkaitarrak, Bartzelonako La Pirata eta Valladolideko The Flying Inn dira Bilbon dastatu ahalko diren garagardoetako batzuk.

Antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez, garagardoen ekoizleek presentzia iraunkorra izango dute jaialdiaren bi egunetan zehar stand propioen bitartez, eta garagardo ezberdinak dastatzeko aukera eskainiko diete bertaratutakoei.

Beerbao Fest jaialdiaren bosgarren edizioak Budejovicky Budvar ekoizlearen babesa izango du. Txekiar Errepublikako lehen ekoizle independentea da Budejovicky Budvar, eta izen handikoenen artean dago. Jaialdiko sarrera erosten duen orok bere garagardo bat doan edateko aukera izango du.

Bestalde, stand nagusiak hamar iturri izango ditu, eta 20 ekoizle ingururen garagardoak tartekatuko ditu, hala Belgika, Alemania eta Britainia Handiko klasikoak, nola garagardo lantegi moderno eta berritzaileenak. Guztira, jaialdiaren bosgarren edizioan 30 iturri izango dira, eta "merchandising" eta janari guneak ere eskainiko ditu.

SARRERAK

Beerbao Fest 2018ko lehen sarrerak eskuragarri izango dira Ticketea sistemaren bitartez ostegunean, urriaren 18an. Nobedade moduan, gidatutako hastapen bisitarako txartelak izango dira, 12 euro gehi banaketa gastuen truke. Gidari batek lagunduta, 30-45 minutuko bisita egingo da jaialdian zehar, ekoizle batzuk ezagutu eta bost garagardo probatuta.

Zehazkiago, azaroaren 23an hiru bisita egingo dira, 18:30ean eta 19:30ean gazteleraz eta 19:00etan euskaraz, eta azaroaren 24an beste sei, 12:00, 14:00, 17:00 eta 19:00etan gaztelaniaz eta 13:00etan eta 18:00etan euskaraz. Bisita guztietarako sarrerak ere ostegunetik erosi ahalko dira.

Gainera, jaialdiaren bi egunetarako bonuak, egun bakoitzeko sarrerak eta azaroaren 24rako VIP sarrera gutxi batzuk ere eskuragarri izango dira ostegunean. Bonu eta eguneko sarreren kasuan, urriaren 28 arteko edo lehen 50 bonu eta eguneko 200 sarrerak agortu bitarteko eskaintza berezia izango da, aurretiko behin betiko salneurriarekiko beherapen handiekin.